Etengabeko Arreta Gunearen aldeko manifestazioa egin dute gaur, egunero eta 24 orduz ireki dezatela eskatzeko
Euriak eta hotzak ez dute gelditu Zumarragako EAGren aldeko hileroko hitzordua. Plataformak deituta, manifestazioa egin dute gaur ere, Areizaga-Kalebarren plazatik anbulategiraino.
Ez da aldarrikapen berria, Osasun Zentroa 24/7 plataformak urtebete baitarama Zumarragako Etengabeko Arreta Gunea pandemiaren aurreko egutegi eta ordutegira itzuli dadila eskatzen. 12 hilabeteotan egindako lanarekin eta herritarren erantzunarekin gustura daude kideak, baina Eusko Jaurlaritzaren aldetik inongo erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela salatu dute. Udalei ere inplikazio handiagoa eskatzen diete, haiek ere presio gehiago egin dezaketela iritzita.