Zumarragako EH Bilduk uraren kudeaketa berreskuratzeko eta tarifak jaisteko akordio proposamena aurkeztu du
Urretxurekin batera, lan talde tekniko-politiko bat martxan jartzea proposatu du, bi urte barru kudeaketa berreskuratzeko
Zumarragako EH Bilduk prentsaurrekoa egin du gaur, uraren kudeaketa berreskuratu eta tarifak jaisteko akordioa-proposamena aurkeztu duela ezagutzera emateko. Horra hor prentsa oharraren edukia.
“Orain urte bete, 2021eko ordenantzen eztabaidarako udal batzarrean, EH Bilduk uraren pribatizazioak Zumarragan ekarri duen injustizia eta abusua publiko egin zuen. Bertan adierazi genuen, Zumarraga dela Gipuzkoako eta EAEko herririk garestiena eta baita Espainiako hiririk garestiena baino garestiagoa ere. Kontrastatutako datuak, txostenak eta azterketak ere erakutsi genituen.
Udal-gobernuaren eta bereziki alkatearen erantzuna oso bortitza izan zen eta gezurretan ari ginela leporatu zigun: Zumarraga ez zela herririk garestiena esan zuen eta fakturak ez bidaltzeko enpresaren erabakia zuritu zuen. Denborarekin eta txosten berriekin argi geratu da, beste behin, egia geniola: Zumarraga alde handiz herririk garestiena dela eta fakturak etxe guztietan egon behar dutela, legeak horrela diolako (espreski ez bidaltzeko eskatu dutenei izan ezik). Zaborraren tasa zenbatzen genuela esan zigun eta hori ere gezurtatu genuen faktura errealak erakutsita. Bestalde, etengabe tematu da esanez errendimendu onena dugula (Legazpi eta Ezkiok bezalaxe ditugunean) eta asko inbertitu dela; baina inbertsioa diru publikoarekin izan da eta onura guztiak Aquarbek lortu ditu. Hartu dituen erabaki guztiak Aquarberen onurarako izan dira.
15 urteko injustiziak izan du jarraipena bestalde. 2021eko martxoaren 22an kontuhartzaileak txosten tekniko bat aurkeztu zion udal gobernuari eta guk uztaila arte ez genuen horren berririk izan. Txosten horren arabera, kontratuarekin jarraituz gero Aquarbek 275.000 euroko irabazi gehigarriak izango ditu iadanik kanona edo mailegua amortizatu (ordaindu) duelako. Ondorioz kontratua ezin zen prorrogatu eta udal gobernua behartua ikusi zen luzapena bertan behera uztera uztailean egindako plenoan. Txostenak argi uzten du Aquarbek dirutza irabazi duela urarekin eta kontu auditatuak ez zituela erakutsi nahi izan.
Maiatzean, udal gobernuak Capiol enpresari kudeaketa ereduen inguruko txosten tekniko bat eskatu zion, hurrengo urteetarako kudeaketaren inguruko erabaki politiko bat nolabait sustengatu ahal izateko. Capiol enpresa Agbar-Aquarbeko zuzendari ohiek osatzen dute: uraren pribatizazio-prozesu basatiena eraman zuten aurrera Katalunian (1.500 milioi eurotakoa eta harrotasunez aldarrikatzen dute enpresaren webgunean) eta Zumarragako txostenaren egilea inputatuta egon zen ustelkeriagatik Pokemon makro kasuko Pasteleo sumarioan. Txostena jaso berri dugu, baina akatsez josia dago, kalkuluak gaizki eginak, beste txosten batzuetako kopia/pegak daude eta noski, pribatizazioarekin jarraitzea hobesten dute. Ezin zuen bestela izan eta PSE-EEk ere eredu berdinarekin jarraitzea erabaki du.
PSE-EEko udal gobernuak urrian %6ko igoera ezarri zuen uraren tasetan, baina egindakoaz jabetu eta azkenean %2 igo dute. Gure ustez erabaki okerra beste behin: Aquarbek kanona amortizatua duelako eta aukera duelako gutxienez % 24 jaisteko.
Okerrena zera da: azaroa amaieran gaudela, udaleko kontuhartzaileak martxoan abisatu zuela eta egoera hau aurreikusteko 15 urte izan dituzten arren, hurrengo urteetarako uraren kudeaketaren inguruko erabakia hartzeko nola-halako txosten tekniko bat hartu dutela oinarritzat eta gainera Aquarberi kontratua modu ez ohiko batean luzatu beharko diotela urtarrilerako ur-zerbitzua martxan jartzeko gai izan ez direlako. Eta gabezia guzti hauek ezkutatu nahian prozedura parte hartzaile bat irudikatu nahi duen bilera-dinamika bat abian jarri du udal gobernuak, zeinetan gobernuan egon arren, ez duten idatzizko proposamenik aurkeztu.
Gure eredua publifikazioa eta munizipalizazioa dira, inguruko zenbait herriren bidea jarraituz (Bergara, Arrasate, Eskoriatza, Lazkao, Zumaia, Zestoa edo Andoain) eta aipatu bideari ekiteko akordio proposamen bat luzatu du Zumarragako EH Bilduk.
Gure posizioan geratzea aukera genezakeen eta erabat zilegia izango litzateke, baina gure printzipietan tinko mantenduz erantzunkizunez eta eskuzabaltasunez jokatzea erabaki dugu.
Azaroa amaieran gaudela, udalak dagoeneko pribatizatzen jarraitzeko asmoa agertu duela eta udalaren kudeaketa okerraren ondorioz datak gainean daudela ikusirik, honakoa proposatzen dugu:
2 urtez lanean jardungo duen munizipalizaziorako eta kudeaketa berreskuratzeko (uraren sarrerak udalak kudeatuz, langileen ezagutza bereganatuz eta ezagutza teknikoa lortuz) lantalde tekniko-politikoa martxan jartzea, bitarte horretan 2 urteko lehiaketa ateratzea eta bi urte barru munizipalizazioa gauzatzea, hau guztia Urretxurekin batera. Hau da, bi urteko trantsizioa egitea munizipalizaziora bidean, baina, honekin batera ezinbestean eta urtearen hasierarako, honako erabakiak gauzatzea:
-Lehenbailehen uraren tasak jaistea.
-Kontratu berrian bertan Aquarbeko langileen lan baldintzak hobetzea.
-2 urteko kontsezio-kontratutik erator daitekeen kanona finalista izatea: ur inbertsioetarako erabiltzea edo familia zaurgarrienentzat tarifak are gehiago murrizteko.
-Enpresaren jardueraren kontrol ekonomiko-finantziero zorrotza eta kontu auditatuak izatea.
-Fakturak etxe guztietara bidaltzea lehenbailehen”.