Bi udalek argitaratu berri duten oharrean, COVID-19ak eragindako egoera kontuan izanda eta jende pilaketa handiak ekidite aldera, "osasuna lehenetsiz" hartutako erabakia dela diote.
COVID-19ak azken asteotan gure herrietan izandako hedapena dela eta, Urretxu eta Zumarragako udalek Santa Lutzi feria bertan behera uztea erabaki dute. Horra hor bi udalek argitaratutako oharra:
“2021eko azaroaren 16ko Aginduak, Osasuneko sailburuarenak, zehazten dituen hartutako neurrietan lehenak ondokoa dio:
Udalerriak 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia-egoeran jarraitzen duen bitartean, jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea, edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu 2021eko urriaren 6ko Aginduaren eranskinean jasotako prebentzio-neurriak betetzea.
Feriak sortzen dituen jende pilaketa handiak ekidite aldera eta osasuna lehenetsiz bi udalek bat egin dute erabakia hartzerakoan.
Urriaren 6ko neurriak aztertuta, bizi dugun egoeraren analisia eginda, COVID19aren goranzko joera ikusita eta Santa Lutzi Feriak sortu ohi dituen jende-pilaketak handiak saihesteko asmoz, bi herrietako udalek erabaki dute arduraz eta zuhurtziaz jokatzea, eta horrenbestez, 2021eko Santa Lutzi Feria bertan behera uztea.
Halaber, herritarrei gogoratu nahi diete egunerokoan aukera anitz ditugula eskura bertako produktuak kontsumitzeko eta horrela bertako ekoizpenari laguntzeko. Santa Lutzi eguneoko lan horren erakustoki eta motor ederra izaten da eta horrexeagatik, bi udalotatik biziki animatu nahi zaituztegu orain inoiz baino gehiago bertako produktuak kontsumitzera.
Aurrerantzean izango dugu berriro aukera Santa Lutzi feria merezi duen bezala ospatzeko”.