12,6 milioiko aurrekontua izango du: aurtengoa baino %36 gehiago. Inbertsioetarako 3,5 milioi bideratu dira. Kirolgune berri bat egiteko aukera aztertzen ari dira
Urretxuko Udalak 12,6 milioiko aurrekontua izango du 2022an: 2021ean baino %36 gehiago. Kopuru horren %28, 3,5 milioi, inbertsioetara bideratuko du. Bai aurrekontua eta bai inbertsioetara bideratutako diru kopurua, inoizko handienak dira. EAJ eta PSE-EE alderdiek alde bozkatu dute eta EH Bilduk abstentzioa eman du.
Inbertsio guztien artean handiena Aspaceren eguneko zentro berria eta adinekoentzako apartamentuak egiteko bideratuko da: 1,2 milioi euro.
Gainera, udalak Nekolalde kaleko aparkalekua (Laket tabenaren ondoan dagoena) eta bere ingurua berrituko ditu (550.000 euro), Gainzuri ikastetxearen goiko eraikineko leihoak aldatuko ditu (305.000 euro), pasiotarren eliza gune soziokultural bat izateko egokituko du (150.000 euro) eta Santa Barbarako aterpetxearen ingurua txukunduko du (75.000 euro).
Inbertsio txikiak
Inbertsio txikiagoak ere egingo dira. Guztira, 50 baino gehiago: kultur etxeko leihoak aldatu, Basagastiko haur parkea berritu, Mundo Mejorreko eta Santa Barbarako aparkalekuak txukundu, Aparizio auzoko barruko plaza zaharberritu…
Gainera, 1.000 euroko partida batzuk onartu dira. Hauen eskutik, egoki ikusten bada, soberakina erabiliz, beste obra batzuk egingo dira: BMko aparkalekua berritu, kiroldegiaren osagarria izango den kirolgune berri bat egin eta geltoki inguruan aparkaleku handi bat egin.
Sustapen Soziokulturalari dagokionez, Maialen Fidalgo zinegotziak udala sektoreari laguntzen saiatuko dela esan zuen osoko bilkuran. «Sektorea oso gaizki ari da pasatzen, pandemia dela eta. Laguntzen saiatuko gara: elkarteek, klubek eta jaiek pandemiaren aurreko aurrekontua izango dute». Gainera, pilotalekua eta Santa Barbara dinamizatzen saiatuko dira. Horretaz gain, bidegorriko tximinia zaharberrituko dute (40.000 euro) eta Jose Mari Lasa plazan eskultura bat jarriko dute (12.000 euro).
Gizarte zerbitzuei dagokienez, funtzionamendua modernizatuko dute, Matiaren laguntzarekin. Eta eguneko zentroa 32 toki izatetik 40 izatera pasako da.