Cilda Energy enpresak bi aerosorgailu jarri nahi ditu Trekutzen, Urretxu eta Antzuolako lurretan. Baimena eskatu du eta jaurlaritzaren Industria eta Ingurumen sailei dagokie baimen hori ematea. Aerosorgailuak Zazpi Puntetan jarriko lituzkete. Bata Irimotik gertu samar eta beste Antzuolako lurretan.
Egungo aerosorgailuek 57-58 metroko altuera dute: zutabeak 40 bat metroko altuera du eta haize errotaren besoek 20 bat metroko luzera dute. Aerosorgailu hauek mendira eramateko, pista zabalak eraiki behar dira.
Eguzki talde ekologistako Garikoitz Plazaolak beraien apustua energia alternatiboa dela gogoratu du. “Gure apustua, energia kontsumitzen den lekutik ahalik eta gertuen ekoiztea da. Baina kontua ez da energia berriztagarria soilik, alternatiboa izatea ere beharrezkoa da. Hau da, kontrol publikoarekin ekoiztuko dena. Energia herritarrek kontrolatu behar dute, iturria denona baita. Trekutzen jarri nahi diren aerosorgailuen kasuan, energia berriztagarriaz ari gara, baina zentralizatua izaten jarraitzen du. Enpresak berak sortu eta salduko du. Guk azpiegiturak bertakook eraikitzea nahi dugu eta azpiegitura horiek sortuko duten energia bertakoen kontsumora zuzentzea, ez salmentara”.