Joxe Mari Iurrebaso Euskal Herriak eman duen ziklo-kroslari onenetakoa izan zen. 1990eko hamarkada hasieran utzi zion lehiatzeari, baina Iurrebaso abizenak kirol honi loturik jarraitzen du.
Kirolaren historian, asko dira kirol berean aritu diren aita-semeak: Eddy eta Axel Merckx, Johan eta Jordi Cruyff… Maila apalago batean, Goierrin ere baditugu adibideak. Joxe Mari eta Danel Iurrebaso urretxuarrak, esaterako. Aita Euskal Herriak eman duen ziklo-kroslari onenetakoa izan da. Hiru aldiz irabazi zuen Espainiako ziklo-kros txapelketa eta behin mendiko bizikleta txapelketa. Espainiako Itzuliko etapa bat ere irabazi zuen. 1990eko hamarkada hasieran hartu zuen erretiroa, baina Iurrebaso abizenak ziklo-krosari loturik jarraitzen du, bere semearen eskutik.
Danel Iurrebaso 1985ean jaio zen eta, beraz, apenas ikusi zuen bere aita lehiatzen. «Umea nintzenean aitaren lasterketetara joaten ginen. 6 bat urte nituenean utzi zion lehiatzeari, baina etxean beti bizikletak ikusi ditut eta aitak beti txirrindularitzarekin lotuta jarraitu du: bizikletan ibiltzen jarraitu zuen, lasterketak jarraitzen ditu…».
Hala, Danel ere zaletu egin zen. Kimu mailan lasterketetan parte hartzen hasi zen. «12 urterekin hasi nintzen eta 22rekin utzi nuen. Ordurako lanean nenbilen eta txirrindularitzan maila ona emateko ordu asko entrenatu behar da».
Errepidean eta ziklo-krosean lehiatzen zen. «Urte osoan zehar lehiatzen nintzen. Gaur egun bezala, ez nintzen nabarmentzen. Urte batean Bidasoako Itzulian oso gustura ibili nintzela gogoratzen dut».
Geldialdia
10 urte lehiatu gabe egon ondoren, duela lau urte ziklo-kros lasterketetara itzuli zen. «Inoiz ez diot utzi txirrinduan ibiltzeari utzi. Lehenengo umea jaiotzear zela, berriro lehiatzeari ekin nion. Hamar urtetan denari eman genion: mendiko eskiari, mendiari, bizikletari, korrika egiteari… Umea jaiotzear zenean, kirol bakarra hautatzeko garaia zela pentsatu nuen eta berriro ziklo-kros probetan parte hartzen hasi nintzen. Honakoa laugarren denboraldia dut. Lehen baino gehiago ari naiz gozatzen. Beste filosofia batekin hartu dut. Gainera, lehen lesio asko izaten nituen: belaunekoak, bizkarrekoak… Egun, urrutiko lasterketetara ez naiz joaten; asteburu batean bi proba badaude, bakarrean parte hartzen dut… Lehen baino gogo gehiagorekin joaten naiz lasterketetara».
Oso giro polita dutela dio. «Inguru honetako hainbat lagun joaten gara lasterketetara. Batzuetan entrenatzen ere elkartzen gara».
Elite maila nahiago
Iurrebaso elite mailan lehiatzen da. «Master mailako lasterketak motzagoak dira. 40 minutukoak direla uste dut. Baterako zein besterako entrenatu beharra dagoenez, nahiago dut elite mailan lehiatu. Elite mailako lasterketek ordubete irauten dute. Entrenatu, bizikleta prestatu, traste guztiak autoan sartu, lasterketara joan, itzulitakoan dena garbitu, matxurak konpondu… 40 minutu bakarrik aritzeko, ez dakit merezi duen…».
Bizikleta, familia eta lana uztartzea ez da batere erraza. «Neguan arrabolan entrenatzen dut, batez ere. Umeak siestan daudenean. Arrabolan ari naizen bitartean, ziklo-kros probak ikusten ditut: neskenak, mutilenak… ahal ditudan guztiak. Eguraldi ona egiten duenean, berriz, Mirandaolara joaten naiz, ziklo-kroseko entrenamenduak egitera».
Aitaren laguntza du. «Aitaren laguntza eta aholkuak eskertzekoak dira. Aita pozik etortzen da lasterketetara. Eta etortzen ez denean, umeak berari utzi dizkiogulako da. Izan ere, nire bikoteari ere lasterketak gustatzen zaizkio. Aitaren palmaresa ikusten dudanean, nola atera ote naiz ni horren txarra, bera hain ona izanda?, pentsatzen dut. Non gelditu da genetika hori?».
Semeak ez du inoiz txapelik jantzi, baina aitak zer edo zer pasa ziola argi dago: edonor ez da Ormaiztegiko, Legazpiko edo Beasaingo zirkuituetako aldapak bizikleta gainean igotzeko eta jaisteko prest.