Itziar Ituño aktore bizkaitarra Paperezko etxea telesailaren eskutik egin da ezagun Euskal Herritik kanpo. Gerardo Schnuck Mazkiaran zumarragarra paperezko hiri baten eskutik ezagun egiteko bidean da.
Schnuck Zumarragako Argixao zentro gerontologikoan bizi da eta bertako liburutegian hiri baten maketa egiten ari da, kartulina zati txikiekin. Dagoeneko milaka zati erabili ditu. Netflix plataformako telesaila gaur bukatuko da. Schnucken lana noiz bukatuko den, berak ere ez daki.
Zumarragar honek 58 urte ditu. Bere aita alemaniarra zen. Orbegozo enpresara etorri zen makina bat muntatzera, Zumarragako emakume batekin maitemindu zen eta bertan gelditu zen.
Beraien semearen, erreportaje honen protagonistaren, bi zaletasun nagusiak zigiluak biltzea eta paperezko maketak egitea dira. Haurra zela zaletu zen. «Umetan, etxe bat margotu, moztu eta ondoren oinarri baten gainean itsasten nuen. Urteen poderioz, teknika. hobetu nuen. Hortik zehar ikusi ditudan lanen eskutik ikasi dut. Nire aitarengandik ere ikasi nuen, berari ere maketak gustatzen baitzitzaizkion».
Eskuartean duen egitasmoan, hiru hilabete inguru daramatza lanean, dagoeneko. Futbol zelaia eta guzti duen hiri bat egiten ari da.
Lanerako erabiltzen duen geratrikoko mahaian ehunka kartulina zati txiki ditu: gorriak, berdeak eta zuriak. Zati txiki horiek teilak, leihoak, ateak, loreak, tximiniak… egiteko erabiltzen ditu.
Ordu asko ematen ditu lanean, egunero. «Geriatrikoan ez dago zeregin handirik. Hori dela eta, liburutegian ordu asko ematen ditut, maketa egiten. Izan ere, ez zait telebista ikustea gustatzen. Kartulinak geriatrikoko langileek ekartzen dizkidate. Gainontzeko egoiliarrak nire lana ikustera hurbiltzen dira, baina ez didate laguntzen. Bakardadean ari natzaio aurre egiten erronka honi!».
Dagoeneko dozenaka etxe egin ditu, milaka pieza itsatsi ditu… baina oraindik ez da nekatu. «Hiriak hazten jarraituko du. Mahai guztia ez dut okupatuko, bestela pikutara bidaliko bainaute», esan du txantxetan.