Ertzaintzak 46 urteko gizonezko bat atxilotu du Zumarragan, pisukide bat bortxatzea leporatuta. Zumarragako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak bilera egin du gaur goizean eta adierazpen instituzionala adostu du, aho batez. Zumarragako Udalak “gaitzespen gogorrena” azaldu du bertan. Horra hor adierazpen instituzionalaren edukia.
“Zumarragako Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure herrian berriki gertatutako eraso sexistaren aurka, eta bere laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die erasoa pairatu duen emakumeari eta bere familiari. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak jarri nahi ditu erasotutako emakumearen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.
Zumarragako Udalak, kasuaren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa berretsi, egiaztatu eta zabaldu ondoren, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala aktibatu du, bildutako informazioa baloratzeko. Informazio hori baloratu ondoren, Zumarragako Udalak biktimaren eta haren familiaren eskura jartzen ditu bere onera etortzeko baliabide guztiak.
Era berean, Zumarragako Udalak bere jarrera irmoa adierazten du, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintze die, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik emakume guztiena.
Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko.
Zumarragako Udalak ardura osoa du udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko. Beraz, ez du atsedenik hartuko ahalegin honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean. Langintza horren barruan, ezinbestekoa da adierazpide egokiak eskaintzea Zumarragako herritarrei, oro har, emakumeen aurkako eraso guztiak irmotasunez gaitzetsi ditzaten. Erasoa jasan duten emakumeek guztion laguntasuna sentitu behar dute, ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia zital horren ahalmena, emakumeei erantzun-tresna egokiak emanez, eta gizon erasotzaileei, berriz, ekintz makur horien ondorioak ordainaraziz.
Horregatik guztiagatik, Zumarragako Udalak irmoki adierazten du indarkeria matxistaren aurkako borroka Zumarraga justu, aske eta berdintasunezko lortzeko politika zentrala dela, eta biktimari elkartasuna, babesa eta arreta emateko mezua bidaltzen du”.