Josu Viana (Zumarraga, 1989) apustu makinetan jokatzen hasi zen eta konturatu zenerako mendekotasuna zuen. Gainditu ondoren, eskoletan hitzaldiak ematen ditu.
Ze ikasketa egin zenituen?
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua egiten hasi nintzen. Baina apustuen munduan sartu nintzen eta ez nuen karrera bukatu.
Nondik nora ibili zara lanean?
Ikasketak utzi nituenean, Londresera joan nintzen honetatik guztitik ihes egiteko. Sei hilabete eman nituen Londresen. Itzuli nintzenean, Idiazabalgo pilota eskolan hasi nintzen. Haur baten aitak bere enpresan hartu ninduen. Hiruzpalau urte eman nituen bertan. Errehabilitazioa hasi nuenean, nire bizitza aldatzea erabaki nuen eta kirol ekitaldiak antolatzen hasi nintzen, nire anaiarekin. Ordurako ludopatia arazoa zutenei laguntzeko asmoa nuen. Iaz hasi nintzen ludopatiaren inguruan lan egiten.
Nola hartu zaituzte gazteek?
Oso ondo. Interes handiarekin entzuten dute. DBHkoek jakin-mina dute, baina Batxilergoko askok joko mundua ezagutzen dute jada. Badakite zertaz ari zaren eta hitzaldiei esker bide txarretik doazela konturatzen dira.
Hitzordura berandu iritsi zara gazte batek zurekin hitz egin nahi zuela esan dizulako.
ETB1en eta Euskadi Irratian elkarrizketatu egin naute eta horren ondorioz jende asko nirekin harremanetan jarri da. Nondik nora jo jakin nahi dute. Babesa nahi dute. Arazoak dituenak badaki gertatzen ari zaiona ulertuko dudala.
Zu zeu, noiz hasi zinen jokoan?
Unibertsitatean geundenean, lagunok ez genuen astean zehar elkarrekin egoteko aukerarik. Ostiraletan elkartzen ginen, taberna batean. Garai hartan ez zeuden apustu makina asko eta gu egoten ginen tabernan apustu makina jarri zuten. Astean apustu bat egiten hasi ginen. 18-19 urte genituen. Nire lagunek hala jarraitu zuten luzaroan, baina ni geroz eta apustu gehiago egiten hasi nintzen: bi astean, lau astean… egunerokoa bilakatu zen arte. Hasieran gustatzen zaizkidan kiroletan egiten nituen apustuak, baina mendekotasunera heltzen zarenean, kirol guztiak eta ordu guztiak dira onak. Makinetan hasten zara, baina jendeak zure arazoaren berri izan ez dezan, mugikorretik jokatzen hasten zara. Eguneko 24 orduetan horretan pentsatzen duzu.
Zenbat diru xahutzen zenuen?
Nuen guztia. Gehiago izan banu, gehiago gastatuko nuke. Ingurukoei dirua eskatzen hasi nintzen: familiakoei, lagunei, neska-lagunari…
Zer du erakargarria jokoak?
Diruarekin egin dezakezun fantasia: dirua erraz lortu dezakezula pentsatzea eta diru horrekin zer egin dezakezun amestea. Behin kateatuta zaudela, gorputzak apustuak egiten jarraitzea eskatzen dizu. Une askotan nazka ematen dizu, baina hor jarraitzen duzu. Mendekotasuna duzulako jarraitzen duzu, ez egiten duzun hori benetan gustatzen zaizulako.
Ingurukoak ez al ziren konturatzen?
Ez. Diru arazoak nituela bakarrik zekiten, dirua eskatzen bainien eta ez bainien bueltatzen. Ez zekiten zergatik. Kezkatuta zeuden, noski, baina gezurrak esaten nizkien. Ez zekiten zer gertatzen zen, baina bazekiten zerbait bazegoela.
Noiz lehertu zinen?
27 urterekin. Aldarte aldetik oso gaizki nengoen. Lagunek beraien artean hitz egiten zuten, familiarekin harreman txarra nuen, neska-lagunarekin ere bai… Hala, laguntza eskatzea erabaki nuen. Zure buruak gehiago ezin duenean, laguntza eskatzen duzu. Ordurako ingurukoak nazkatuta zeuden eta oso gogorra izan zen zer gertatzen zen jakitea, baina lasaigarria ere bai. Izan ere, horri esker azkenean bazekiten nola lagundu. Beraien babes guztia izan nuen eta oso eskertuta nago.
Zer egin zenuen mendekotasuna gainditzeko?
Hasteko, errehabilitazio prozesua egin nuen. Errenteriako Ekintza BIBEn egon nintzen. Astero arazo bera zuten beste pertsona batzuekin elkartzen nintzen. Zaila da. Bi urte egon ninten apusturik egin gabe, baina duela hiru urte berriro erori nintzen. Nire unerik okerrena izan zen. Neskak utzi egin ninduen, berriro lagunen eta gurasoen konfiantza galdu nuen…
Zergatik uste duzu erori zinela berriro?
Gauza asko ondo egiten ari nintzen (ez nuen apusturik egiten, zor nuen dirua itzultzen ari nintzen…), baina nire burua ez zegoen ondo. Autoestimu falta nuen, errudun sentitzen nintzen ingurukoei egindakoagatik… eta horrek aurrera egitea eragozten zidan. Ez nintzen zoriontsu sentitzen. Ez zait aitzakiak jartzea gustatzen, baina egoera hori zen: ez nuen jakin ondo eramaten eta berriro erori nintzen.
Gainditu duzu, ordea.
Neskak utzi ninduenean hondoa jo nuen. Orduan konturatu nintzen ezin nuela horrela jarraitu. Oso pertsona garrantzitsua galdu nuen, asko maite nuena, eta horrek beste norabide bat hartzera bultzatu ninduen.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Lagunak eta familia nirekin daude. Neska-laguna galtzea oso mingarria izan zen eta hori gainditzea oso zaila izan zen, baina bizitzak aurrera jarraitzen du eta ondo jarri nintzenean ilusioa berreskuratu nuen. Nire ilusioetako bat niri gertatu zitzaidana inor gehiagori ez gertatzea zen. Asko sufritu dut eta badakit beste askok ere sufritu dezaketela behar diren erremintak ematen ez bazaizkie.
Zer esaten diezu gazteei?
Nire esperientzia azaltzen diet eta arriskuaren berri ematen diet. Denok dibertimendu bezala hasten gara apustuak egiten eta ez dugu arriskurik ikusten. Kontu handiz ibili behar da.
Geroz eta apustu makina gehiago daude, Interneten jokatzea oso erraza da…
Eskuetatik joan zaigu. Taberna guztietan daude makinak. Milaka makina daude. Gutxienez, 18 urtetik beherakoek ez jokatzea lortu behar da. Baina ez dago filtrorik. Nahi duten guztiek jokatzen dute. Badakite zein apustu etxetan uzten dieten sartzen eta zeinetan ez. Tabernetan, berdin. Bestalde, telebistan apustu etxeen iragarki asko ematen dituzte. Hori ez da egokia. Geroz eta jende gehiago dago kateatuta. Norbaitek elkarrizketa hau irakurri eta bere burua identifikatuta ikusten badu, laguntza eska dezala. Konponbidea du. Laguntza eskatzen ez bada, batzuk lapurtzen hasi eta kartzelan bukatzen dute, beste batzuk bere buruaz beste egiten dute…
Zer pentsatzen duzu apustu makina bat ikusten duzunean?
Sentimendu ezberdinak izaten ditut. Batzuetan amorrua sentitzen dut, beste batzuetan tristura…
Pilotaria zara.
Kirola ez dut inoiz utzi, baina garai hartan oso zaila zen kirola egitea: antsietatea nuen, gutxi jaten nuen eta entrenamenduetan zorabiatu egiten nintzen batzuetan. Urte haietan nire kirol errendimendua ez zen ona izan. Burua apustuetan, zor nuen diruan… nuen. Orain oso gustura etortzen naiz pilotalekura. Burua horretan dut eta gozatu egiten dut. Gainera, Beloki pilota eskolako haurrei eskolak ematen dizkiet.