San Martin eguneko festaren antolatzaileek bi urdaiazpiko zozkatzen dituzte urtero eta errifa salmentarekin lortutako dirua herriko elkarte bati ematen diote. Aurten 1.182 euro lortu dituzte eta Agifesi eman dizkiote, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen elkarteari.
Urdaiazpikoak eta dirua ostiralean eman zituzten, kultur etxean. Ekitaldian, Maialen Fidalgo zinegotziak, festa batzordeko Luis Mari Perezek, Agifeseko Jesus Mari Kerejetak, eguneko zentroko Eli Arteagak eta Marian Ruizek parte hartu zuten. Arteagak eta Ruizek urdaiazpikoak jaso zituzten. Ruizek zozketan zortea izan zuen. Saritutako beste zenbakiaren jabea azaldu ez denez, antolatzaileek eguneko zentroari ematea erabaki dute.
Kerejetak antolatzaileei eta udalari eskerrak eman zizkien. «Diru hau oso ondo etorriko zaigu. Gaixotasun mentalei dagokienez ere, koronabirusa min handia egiten ari da. Hori dela eta, horren inguruko ekitaldiren bat antolatzeko asmoa dugu. Bestalde, diruaren zati bat etxebizitza tutelatu batean bizi diren gazteei opariak egiteko erabiliko dugu. Urtero opariak egiten dizkiegu eta horien zain egoten dira».