Zumarragako Zelai Arizti aretoan Zutik! pelikula emango dute asteburu honetan: larunbatean eta igandean, 17:00etan. Pelikula hau Iker Alvarez urretxuarrak zuzendu du, Haizea Pastorrekin batera. Xegun Altolagirre legazpiarra, berriz, gidoigile taldeko kidea izan da. Animaziozko pelikula honetan, haurrei zuhaitzak maitatzen irakasten zaie. Alvarez pelikula dibertigarria egiten saiatu da eta musikari garrantzi handia eman dio. Izan ere, bera musikaria ere bada.
Herritar baten lana ikusteko aukera izatea beti da pozgarria, baina are gehiago kasu honetan, Zutik! pelikula Goya sarietarako izendatu baitute. Sari banaketa ekitaldia otsailaren 12an izango da, Valentziako Palau de les Arts aretoan.
Alvarez pozik ageri da, noski. «Goya sarietarako izendatua izatea pozgarria da, baina ezin da esan sekulako sorpresa denik. Izan ere, urtean animaziozko zazpi, zortzi, bederatzi… pelikula egiten dira eta Goya sarietarako lau izendatzen dituzte», azaldu du.
Urretxuarrak ia 20 urte daramatza animaziozko zinea egiten eta ez da bere lan bat Goya sarietarako izendatu duten lehen aldia. «Duela urte asko bi pelikula Goya sarietarako izendatu zituzten, baina ez nintzen zuzendaria. Hori dela eta, ez nintzen sari banaketetara joan».
Oraingoan, ordea, Goya sarien galara joateko aukera edukiko du: sari banaketara ekoizlea eta zuzendaria joan ohi dira. «Esperientzia hori bizitzeko aukera edukitzea gauza polita da», aipatu du.
Lehenago, asteburu honetan bertan, pelikula Zumarragako Zelai Arizti aretoan emango dute. Alvarezi ilusioa egiten dio, noski. «Nik zuzendutako pelikula Zelai Arizti aretoan emateak ilusioa egiten dit. Musika taldearekin herrian jotzen duzunean bezala da: halakoak beti dira bereziak», amaitu du zuzendari urretxuarrak.