Berria.eus webgunean argitaratu dutenaren arabera, Capital Energy enpresak lau aerosorgailu jarri nahi ditu Oleta mendian. Duela egun gutxi, enpresa horrek Zazpi Puntetan bi aerosorgailu jartzeko baimena eskatu zuen.
Horra hor berria.eus webgunean Iñaki Petxarromanek idatzitako albistea. “Azkoitiko Udaleko (Gipuzkoa) lurralde batzordean joan den azaroaren 25ean aztertu zuten Capital Energy enpresak udal horren mendigune batean kokatzeko asmoa duen proiektua. Oraingoz, ez dago zehaztasun askorik egitasmoaren inguruan, eta EH Bilduk hainbat galdera egin dizkio idatziz Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari, egitasmo horren inguruko informazioa argitu dezan.
Besteak beste, Mikel Otero legebiltzarkideak Tapiari galdetu dio ea proiektu hori dela-eta enpresa hori Jaurlaritzarekin harremanetan jarri den. Oterok bidalitako galdera horietatik jakin denez, lau haize errotako parke eoliko bat litzateke, eta Oleta mendian ezarri nahiko lukete. Oleta mendiko tontor nagusia 837 metro ditu, eta Azkoiti eta Zumarraga artean dago. Mikel Oterok idatziz egindako galderetan Tapiari eskatzen zaio argitzeko ea zer fase administratibotan dagoen proiektua eta ea zehazki non kokatuko liratekeen haize errotak.
Jakinekoa denez, Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu berriki Arabako Iturrieta eta Arkamuko mendiguneetan egitekoak ziren parke eolikoak. Oraingoz, baina, aurrera jarraitzen dute Labrazan eta Azazetan egin nahi dituzten egitasmo eolikoekin”.