Atzo arratsaldean Luzio Gabiriaren omenezko bertso saioa egin zuten Zelai Arizti aretoan. Nafarroako txapelketa irabazi berri duen Saioa Alkaizak, Amets Arzallus Euskal Herriko txapeldun ohiak, Unai Iturriagak, Aroa Arrizubietak eta Antton Fernandez urretxuarrak parte hartu zuten. Gai jartzaile lanetan Mikel Iturriotz aritu zen.
Iturriotzek saio ona izan zela aipatu du. «Saio arina eta polita izan zen eta jende dezente gerturatu zen. Ikusleak eta bertsolariak gustura gelditu ziren». Fernandezek lehen aldiz parte hartu zuen Gabiriaren omenezkoan. “Hasieratik oso lasai aritu zen eta bertsotan ondo”. Iturriagari dagokionez, bera entzuteko gogo handia zegoela aipatu du Iturriotzek. “Denbora asko pasa da azkenekoz etorri zenetik. Bere ohiko maila eman zuen. Pianistaren paperean egindako lana azpimarragarria izan zen. Saioari dagokionez, jende askok orain ezagutu du, baina urte asko daramatza maila handian. Ezagutzen ez zutenek entzuteko gogoa zuten”. Arrizubieta gazteena izan zen. “Jende askok ez zuen ezagutzen. Freskotasuna eman zion saioari. Bertso politak utzi zituen. Ametsek, berriz, badakigu nolako maila duen. Bakarkako saio polita egin zuen eta puntuka besteei lagundu zien”.