Bigarren urtez jarraian, urretxuarrak eta zumarragarrek ezin izan dute Santa Lutzi feriaz gozatu. Ederrenako pilota partidak eta Luzio Gabiriaren omenezko bertsolari jaialdia izan dira ekitaldi bakarrak.
Bigarren urtez jarraian, urretxuarrek eta zumarragarrek ezin izan dute Santa Lutzi feria ospatu. Hiru aste euripean eman ondoren, egun ederra egin zuen atzo, baina zorioneko koronabirusak feriaz gozatzea eragotzi zuen beste behin.
Triste eta isil esnatu ziren atzo Goierri garaiko bi herriak. Zumarragako Urdaneta hiribideko bizilagunak ez ziren behorren irrintziekin esnatu. Zaldien, astoen, ahuntzen… tokian, autoak zeuden. Ez zegoen ganadu usainik. Ez zegoen jende ilararik. Kalea hutsik zegoen.
Urretxuko eta Zumarragako gainontzeko kaleetako bizilagunak kale saltzaileekin esnatzen dira Santa Lutzi egunean. Atzo ez zen horrela izan. Ez zegoen inor postuak muntatzen. Ez zuen inork oihurik egin. Inori ez zitzaion postuaren burdinazko piezetako bat lurrera erori.
Urretxuko eta Zumarragako kaleak lasai zeuden. Herrian lan egiten duten gehienentzat jai eguna izan zen eta eguna lasai hastea erabaki zuten. Zertarako atera kalera, feriarik ez badago? Goiztiarrenak, ogia erostera eta kafea hartzera atera ziren etxetik. Eguraldi bikaina lagun, mendian ere jende asko elkartu zen. La Salle-Legazpi ikastetxeko patioko traktoreen faltan, haurrek parkeetan jolastu behar izan zuten.
Eguerdirako, herritar asko tabernetan elkartu ziren. Poteatzeko eguraldi bikaina egin zuen behintzat… Askok etxetik kanpo bazkaldu zuten eta etxe askotan familia osoa elkartu zen. Arratsaldean, pilota partidez gozatzeko aukera egon zen. Hori eta bezperako Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia izan ziren ekitaldi bakarrak.
Bi ekitaldiak
Pilota jaialdiari dagokionez, Peña II-Albisu (17) eta Ezkurdia- Tolosa (22) bikoteek binakako txapelketako partida jokatu zuten. Ohi bezala, Promesa txapelketako partida ere jokatu zen. Partida horretan Xabier Erostarbe urretxuarra lehiatu zen. Salaberriak eta Erostarbek (22), Larrazabal eta Salaverri IIren (9) aurka jokatu zuten.
Igande iluntzeko bertsolari jaialdiari dagokionez, Nafarroako txapelketa irabazi berri duen Saioa Alkaizak, Amets Arzallus Euskal Herriko txapeldun ohiak, Unai Iturriagak, Aroa Arrizubietak eta Antton Fernandez urretxuarrak parte hartu zuten. Gai jartzaile lanetan Mikel Iturriotz aritu zen.
Iturriotzek saio ona izan zela aipatu du. «Saio arina eta polita izan zen eta jende dezente gerturatu zen. Ikusleak eta bertsolariak gustura gelditu ziren».
Datorren urtean ere ez da pilota partidarik eta bertsolari jaialdirik faltako. Lau hankako astoak ere etorriko al dira?