Zerbitzuak astelehenetik ostegunera funtzionatuko du. Eskaera 19:00ak baino lehen egin behar da. Banatzaileak 19:30etik 21:00etara egingo ditu banaketak
Urretxuko eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak Bi-Tartean Etxera egitasmoa jarri du abian: urtarrilaren 4a arte, 20 eurotik gorako erosketa egiten duenari erositako produktuak etxera eramango dizkiote, doan. Zerbitzu honek astelehenetik ostegunera funtzionatuko du.
Egitasmo hau atzo eguerdian aurkeztu zuten, merkatari elkartearen egoitzan. Ekitaldian zuzendaritzako lau kidek eta Maria Pavon teknikariak parte hartu zuten.
Etxez etxeko banaketaren helburua bezeroei zerbitzu bat gehiago ematea dela esan zuten. Proiektu pilotua da eta emaitza onak ematen baditu, luzatzeko asmoa dute. «Lehiakorrak izan nahi dugu. Online dendekin lehiatu. Beti herriko jendea zaindu dugu eta honekin zerbitzu osagarri bat eskaini nahi diogu. Beste herri batzuetan ere antzerako zerbitzua eskaintzen ari dira eta oso gustura daude emaitzarekin», aipatu zuten.
Zerbitzua atzo jarri zuten martxan eta urtarrilaren 4a arte egongo da. Banatzaile bat kontratatu dute eta egunean zehar egindako erosketak etxeetara eramango ditu 19:30etik 21:00etara. Eskaera 19:00ak baino lehen egin behar da egunean bertan jaso ahal izateko.
Zerbitzu honek 20 eurotik gorako erosketa guztientzat balio du: dendetan egindakoak, telefonoz egindakoak eta Internetez (webgunea edo sare sozialak) egindakoak. Erosketak ezin du 20 kilo baino gehiago pisatu eta ezin da tamaina handikoa izan.
Zerbitzu hau ez da Gabonetarako abian jarri duten egitasmo bakarra. Bi-Tartean elkarteko merkatariek denden kanpoaldeak apaindu dituzte, bi herrietako haurrek mendian jasotako adaxkekin eta pinaburuekin eta margotutako izarrekin. Haurrei laguntza eskatu zieten eta 1.000 haur inguruk parte hartu dute.
Gainera, merkatarietako batzuk Gabonetako erakusleiho lehiaketan parte hartzen ari dira. Sari banaketa ostiral honetan izango da. Herritarrek gustuko erakusleihoaren aldeko botoa emateko aukera dute eta botoa ematen dutenen artean 100 euroko bonua zozkatuko dute. Botoa Whatsappez eman behar da, 688 812 209 zenbakian. Botoa emateko azken eguna hilaren 21a da.