Zumarragako eta Urretxuko euskarazko irakurle taldeak abenduko saioan parte hartuko du idazle bizkaitarrak.
Zumarragako eta Urretxuko euskarazko irakurle taldeak abenduko saioa egingo du bihar, 19:00etatik aurrera, Zelai Arizti kultur etxean. Saio horretan Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren Ni ez naiz hemengoa lana landuko dute, idazlea bera bertan izango delarik.
Saio oso berezia eta irekia izango da, nahi duen jende guztiarentzat. Hori bai, liburua irakurrita joatea lagungarria izango da. Ni ez naiz hemengoa lanak saioaren haria markatuko badu ere, Sarrionandiaren ibilbidea eta obra emankorra bere osotasunean landuko dira.
Sarrionandia 1958an jaio zen. Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Irakasle lanetan ibili zen eta Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin eta Oh Euzkadi aldizkarietan eman zituen argitara bere lehen lanak. Pott Bandako kideetako bat izan zen, Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Ruper Ordorika, Jon Juaristi, Joxemari Iturralde eta beste hainbat idazlerekin batera. Euskaltzain urgazlea, Ibaizabal aldizkariaren sortzaileetako bat ere izan zen. Lan originalak idazteaz gain, literatura unibertsaleko autoreak euskaratu ditu.
1980an atxilotu eta 22 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 1985eko San Fermin egunean Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zuen. Euskal Herritik kanpo bizi izan da. Duela gutxi itzuli da erbestetik.
Ni ez naiz hemengoa saiakera lan bat da eta egunkari intimo baten modura antolatua dago. Ziegan bakartuta idatzitako narrazio laburrak eta hausnarketak dira.