Urdangarin burdindegiko Joseba Urdangarin Realzale sutsua da eta asteazkenean Zamorara joan zen, Realak Zamoraren aurka jokatu zuen Kopako kanporaketa ikustera. Partidaren amaieran Realeko jokalariak zaleengana hurbildu ziren eskerrak ematera eta Alex Remiro atezainak Urdangarini bere kamiseta oparitu zion. “Noelia nire emaztearen lehengusu batek, bazkide batekin batera, Castro Mendi izeneko upategia du Zamoran. Gabriel Fernandez nire lankidea eta biok berarekin joan ginen partida ikustera. Primeran pasa genuen. Zamoran kategoriko jendea aurkitu genuen. Gure eserlekua zelaitik oso gertu zegoen eta partida bukatu zenean zelaira hurbildu ginen jokalariak agurtzera. Remiro niregana etorri zen eta bere kamiseta eman zidan. Ilusio handia egin zidan. Izan ere, atezainaren kamiseta berezia da. Gainera, Athleticen eta Betisen aurka egindako akatsengatik epaitua izaten ari da eta horren une berezian kamiseta oparitzeak ilusio berezia egin dit. Gure Facebook-en mezu bat idatzi dut Remirori eskerrak eta animoak emateko”, azaldu du Urdangarinek.