Zumarragako EH Bilduk Auzoekin Topaketak ekimena berreskuratu du: komunitatearekin elkartzeko ekimena jarri du martxan azaroan, auzotarren eta eragileen kezkak, ideiak eta proposamenak jasotzeko. “Gure asmoa auzoan eta herrian ikusten diren behar, kezka eta ideiak jasotzea izan da; auzotarrak entzun eta proposamenak udalera eramatea, zubi-lana egitea alegia”.
110 lagun elkartu dira azaroan zehar egin ditugun 6 auzo bileretan eta 70 proposamen desberdin jaso dituzte. Jasotako proposamenak aztertu eta 2022ko aurrekontuetan txertatzen saiatuko dira. Ondorengoak dira 2022ko aurrekontuari egin dizkoten konpromiso eskaerak eta inbertsio proposamenak:
“2022an gauzatzeko 8 konpromiso zehatz eskatu dizkiogu Udal Gobernuari. Iaz konpromisoa hartu zuten arren bete ez duten Zumarragako giza eskubideen urraketen txostena egitea, auzotaxi zerbitzua martxan jartzea mugikortasun arazoa duten herritarrentzat, asteburuan eta udan kaleko kultur eskaintza martxan jartzea, kale garbiketako langileen baldintzak hobetzea, Secundino Esnaola musika eskolaren finantziazio iraunkorrerako hitzarmena eta matrikula tasen jaitsiera musikarako aukerak familia guztietara iristeko, uraren tarifak murriztea, udalaren ahalmen ekonomikoa handitzeko plana egitea eta adinekoek osasun zerbitzu oinarrizkoetara iristeko eta arrakala digitala murrizteko (Kontsulta presentzialak txikitu direlako, Internet bidezko gestioengatik, Covid pasaportea eskuratzeko, hitzordu telematikoak eskatzeko) laguntza zerbitzua martxan jartzea jubilatu etxeetan”.
Udal gobernuaren 2022ko aurrekontu proposamenean inbertsiorik ez dagoela diote. “Beste behin berresten da legegintzaldiaren hasieratik dioguna; udalak ez duela gaitasun ekonomiko finantzierorik. Beraz, 2021eko soberakinarekin (gastatuko ez den diruarekin) ondorengo inbertsioak egitea proposatu dugu:
-Elkargune estalia gauzatzea jolas parkeetan: herritarrekin erabakitako kokagunea (Trintxera, Zelai Arizti…).
-Kirol-ekipamendu berri bat: Skate parkea herrigunera ekartzea eta kirol ekipamendu berri bat egitea (Parkour, roller eta eskalada bezalako kirolekin).
-Kiroldegiaren berritze sakona.
-Geriatrikoko bidea irisgarria egitea: Elgarrestamendiko igogailutik adinekoen egoitzara doan bidearen irisgarritasuna hobetzeko proiektua garatzea.
-Urdaneta eta Esteban Orbegozo bertikalki konektatzeko proiektua.
Bestalde, auzoetako bileretan atera diren irisgarritasun eta aktuazio komunitario txikiak martxan jartzeko 8 eskaera ere egin dituzte:
-Lurrazpiko pasalekua berritu eta argiztatu.
-Eitzako Topalekua berritu, auzo topagune izaera eman eta ermita partzialki estali.
-Eitzan, baranda bat jarri semaforotik gorako espaloian.
-Leturiaseko Gaztetxokoa eta eskolak berritu eta auzo topagune izaera eman. Norabide bakarra jarri Antonino Oraan.
-Argixaon, asteburuko partidetan, trafiko arazoa hobetzeko industrialdeko aparkalekua erabili aparkatzeko.
-Markesina bat Etxeberrin.
-Mertzedarietako bihurgunean piboteak jarri, autoek bertan aparkatu ez dezaten, oinezkoen segurtasuna bermatuz.
-Baserritar eta nekazarientzako Ibilgailuen Azterketa Teknikoa Zumarragara joan-etorriak saihesteko.