Zumarragako Udalak eta HTK Film enpresak Eusko Jaurlaritzaren musika eta arte eszenikoak bultzatzeko egitasmoarekin bat egin dute. Urtarriletik martxora, bost kontzertu izango dira.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, zuzeneko arte eszenikoen sektorea bizitzen ari den egoeraren aurrean, diru laguntza lerro bat bultzatu du aurten ere. Zumarragako Udalak, iaz bezala, zirkuitu berezi horretan parte hartzea erabaki du: Kantu Kolore taldearen haurrentzako ikuskizuna eta Golden Apple Quartet, Bulego, Ghost Number eta Korrontzi taldeen kontzertuak antolatu ditu, HTK Film enpresarekin lankidetzan. Ekitaldi guztiak Zelai Arizti aretoan izango dira.
Lehen ekitaldia Golden Apple Quartet taldearen kontzertua izango da. Urtarrilaren 7an izango da. 1986an sortutako Donostiako ahots talde ezagun honek Golden Tour 36 ikuskizuna ekarriko du Zumarragara.
Urtarrilaren 21ean, Bulego pop taldeak joko du. Talde hau Azkoitian sortu zen, duela urte eta erdi. Xabi bateria-jotzaileak, Tomas gitarra-jotzaile eta abeslariak, Jontxu baxu-jotzaileak, Ruben gitarra-jotzaileak eta Itziar teklatu-jotzaileak osatzen dute. Passepartout taldea osatu zute berberak dira.
New Orleansera bidaia
Otsailaren 18an Ghost Number taldeak joko du. Donostiako seikote honek 2017an egin zuen debuta. Taldea David Pisabarro banjo-jotzaileak, Ander Solabarrieta gitarra-jotzaileak, Jon Ander Burgos tronpeta-jotzaileak, Nacho Fombuena kontrabaxu-jotzaileak, Iñigo Manterola perkusio-jotzaileak eta Arantza Molina biolin-jotzaileak osatzen dute. Duela gutxi Lidia Intsausti eta Karmen Salazar batu zaizkie. 1920ko hamarkadako New Orleanseko jazz banden musika jotzen dute.
Azken kontzertua Korrontzi taldeak egingo du, martxoaren 18an. Aita Mari erreskate ontziaren aldeko lana aurkeztuko dute. Mediterraneoko portuetan jasotako istorioekin eta musikarekin konposatutako kantak joko dituzte.
Kontzertu guztiak 20:15ean hasiko dira. Sarrerek 10 euro balio dute eta dagoeneko salgai daude zelaiarizti.eus webgunean eta aretoko makinan.
Haurrentzako ikuskizunari dagokionez, martxoaren 5ean izango da, 17:00etan. Kantu Kolore taldeak Peru Krokodiloa ikuskizuna aurkeztuko du, zuzeneko musika eta guzti. Sarrerak salgai daude.
Programazioa atzo aurkeztu zuten, Zelai Arizti aretoan bertan. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta aretoa kudeatzen duen HTK Film enpresako Rikardo Intsaustik parte hartu zuten.
Serranok helburua sektoreari laguntzea dela aipatu zuen. «Eusko Jaurlaritzak udal guztioi bat egiteko aukera eman digu eta bat egitea erabaki dugu. Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman nahi dizkiogu. Koronabirusari aurre egiteko neurri berriek sektoreari kalterik ez eragitea espero dugu eta herritar guztiak ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu».
Intsaustik egoera gogorra bizitzen ari direla esan zuen eta ikusleei eta udalari eskerrak eman zizkien. «Ikusleen eta udalaren laguntzak asko animatzen gaitu. Baita taldeen esker onak ere. Jendea ekitaldietara etortzera animatu nahi dut».