Bihar, 19:00etan, Bilboko Euskalduna jauregian joko du
Gorka Hermosak kontzertu bira egin du azken hilabeteetan. Urrian Chillida Lekun, Errenterian, Antzuolan, Ordizian eta Kantabrian jo zuen. Azaroan, berriz, Las Palmasen, Frantzian eta Txekian. Gainera, Natalia Erice aktorearekin batera, COVIDari buruzko antzezlan bat estreinatu zuen Sevillan. Abenduan, berriz, Siberiako Novosibirsk hirian jo du, bertako orkestra sinfonikoko harizko laukotearekin. Dagoeneko etxera itzuli da eta bihar Bilboko Euskalduna jauregian joko du, Bilboko banda sinfonikoarekin, bakarlari gisa. Bere konposizioak interpretatuko dituzte. Kontzertua 19:00etan hasiko da. Hurrengo kontzertua Santanderreko banda sinfonikoarekin egingo du.
Ondoren, Jon Maia bertsolariaren disko-liburuaren aurkezpenean parte hartuko du. Kontzertu horiek Bilboko Arriaga antzokian eta Donostiako Victoria Eugenian izango dira. Asier Etxeandiak, Garik, Pirritx eta Porrotxek eta Soziedad Alkoholika taldeko Juanek ere parte hartuko dute. Donostiako kontzertua abenduaren 29an izango da eta Bilbokoa urtarrilaren 6an.