Urretxu eta Zumarragako udalek 2022ko ikuskizun eszenikoak aurkeztu dituzte
Urretxu eta Zumarragako udalek 2021eko ikuskizun eszenikoen egitaraua ezagutzera eman dute. Helduentzako bederatzi ikuskizun eta haurrentzako zazpi egongo dira. Helduentzako ikuskizunen artean, Chema Tena urretxuarrarena azpimarratu behar da. Urretxuko aktoreak Doberman lana zuzendu behar du eta maiatzaren 6an Zumarragara ekarriko du.
Helduen programazioa otsailaren 4an hasiko da, Kottauak lanarekin. Protagonista 14 hilabeteko sexu-lehortea daramaten gizonezkoa eta emakumezkoa dira. Horri konponbidea bilatzeko, ikusleekin hartu-emanean jardungo dute. Antzezlan honetako aktoreak Ane Gabarain donostiarra eta Mikel Laskurain bergararra dira.
Martxoaren 4an, Yllana konpainiak The Primitials antzeztuko du. Antzezlan honetako protagonistak tribu xelebre bateko lau kide dira. Apirilaren 1ean, Axut-Artedrama taldeak Amua antzeztuko du. Anak bere gaztaroko bi maitale gonbidatuko ditu Iratiko etxola batera, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Baina bi maitaleek ez dakite hiru izango direla. Esklusibotasunari, erromantizismoari, egoari, jabetzari, ohiturari, kulturari eta hezkuntzari buruz hausnartzeko antzezlan aproposa. Aktoreak Maite Larburu eta Manex eta Ximun Fuchs dira.
Maiatzaren 6an Tenak zuzendutako Doberman lanaz gozatzeko aukera egongo da. Lan honetako protagonistak jatorri ezberdineko bi emakume dira: elkar ezagutu berri duten bi emakumeen arteko solasaldia guda bilakatuko da.
Udako oporren aurreko azken ikuskizuna Arineketan izango da. Iñar Sastre pianistaren eta Jagoba Astiazaran txistulariaren proiektua da. Zelai Ariztira Haatik dantza konpainiako kideekin etorriko dira.
Irailaren 2an Winona&Grace lanaz gozatzeko aukera egongo da. Bi aktore gazte zuzendari famatu baten etxean esnatzen dira, festa zoro baten ondoren. Apartamentuan giltzapetuta daudela ohartzen dira eta elkarrekin bizi beharko dute. Aktore izatearen eta bizitza arteari eskaintzearen inguruko testua da.
Urriaren 7an, Teatro Corsario taldeak La Celestina infernal txotxongilo lana antzeztuko du. Maitasuna, erotismoa, indarkeria, heriotza, umorea… Azaroaren 4an Zuhaitz Gurrutxagak Futbolistok bakarrizketa egingo du. Realean jokatzen zuen garaiko pasarteak kontatuko ditu eta garai hartatik pairatu duen asaldura obsesibo konpultsiboaz hitz egingo du.
Bukatzeko, abenduaren 2an Benditas, todo viene del cielo lanaz gozatzeko aukera egongo da. Protagonistak Ama Birjinaren agerraldi baten lekuko izan direla uste duten bi artzain dira.
Helduentzako emanaldi guztiak 20:15ean izango dira, Zelai Arizti aretoan. Sarrerak 10 euro balio du eta bederatzi ikuskizunetarako bonua erosi ahal izango da, 70 euroan. Baita euskarazko emanaldien bonua ere, 35 euroren truke. Gazte Txartela dutenek 7 euroan erosi ahal izango dituzte sarrerak eta 19:45etik aurrera 30 urtetik beherakoek 5 euro bakarrik ordainduko dute sarreraren truke. Sarrerak zenbakidunak izango dira eta aurrez erosi ahal izango dira Zelai Arizti aretoko leihatilan, makina eta online.
Bonuak urtarrilean jarriko dira salgai, Zumarragako kultur etxean: 10ean 2021eko bonua mantendu nahi dutenentzat (2021eko bonua aurkeztu behar da), 12an 2021eko bonua aldatu nahi dutenentzat (2021eko bonua aurkeztu behar da) eta 15ean bonua lehen aldiz erosi nahi dutenentzat eta euskarazko emanaldietarako bonua erosi nahi dutenentzat.
Haurrentzako emanaldiei dagokienez, urtarrilaren 23an Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Kui Kui lanaz gozatu ahal izango da, otsailaren 13an Kotondarrak lanaz, martxoaren 20an Tempus, apirilaren 10ean Ekain pailazoaren Alejop!, urriaren 16ean Uniko, azaroaren 16an Reziklate eta abenduaren 4an Tartalo.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bi saio egingo dituzte: 16:30ean eta 18:30ean, Ederrena pilotalekuan. Gainontzeko ikuskizunak Labeaga aretoan izango dira, 17:00etan. Ederrenako sarrerak 7 euro balio du eta gainontzekoek 5. Zazpi ikuskizunetarako bonuak ere jarriko dira salgai: haurrarentzako eta laguntzailearentzako bonuak 30 euro balio du eta haurrarentzako bonuak 20. Bonuak urtarrilaren 23ko 16:30eko saiorako balioko du.
Urtarrilaren 13tik 21era, bonuak Urretxuko kultur etxean salduko dira. 15ean 11:00etatik 13:00etara eta gainontzeko egunetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Urtarrilaren 22an eta 23an Ederrenako leihatilan salduko dira. 22an 11:30etik 13:30era eta 23an 12:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:30era. Otsailaren 13an eta martxoaren 20an Labeaga aretoan salduko dira.