Osasun zentroetako atarietan elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian, lehen mailako arreta, nik bai lelopean, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lehen Mailako Arreta “desegiteko” “estrategia” aurrera doala salatu dute. Eta Osakidetza “berregitea” “premiazkoa” dela azpimarratu dute.
Langileak “muga-mugan” ari direla lanean ohartarazi dute, “baliabide nahikorik gabe”. “Ez dago errefortzurik, eta inoiz ez da iristen kanpoan dauden langileen ordezkapenik. Gainera, ez da ahalegina aitortzen eta ez dira langileen eskubideak errespetatzen”. Fisikoki, psikologikoki eta emozionalki gaixotako langileen “abusatzen” ari direla gaineratu dute. Ondorioz, eskaintzen duten arreta “okertu” egin dela aitortu dute.
Agintariei “beharrezkoak diren erreformak egiteko” eskatu diete. “Sendoak”, ez “adabakiak”. Inbertsioak, borondate politiko gehiago, lan-egonkortasuna, errespetu eta aitortza handiagoa, eta antolaketa hobea eskatu dituzte. “Lan baldintza hobeak, azken finean”.
Lortu bitartean protestan jarraituko dutela iragarri dute. Urtarrilean, esaterako, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Osakidetzako langileen alboan hainbat herritar izan dira.