Urretxuko Stylo ile-apaindegi eta jantzi-dendak irabazi du Gabonetako erakusleiho lehiaketa. Gorane Dominguezek eta Lucia Alvarezek soineko gorri batekin pinu ikusgarri bat egin dute.
Pinu gorria pinaceae familiaren espezie bat da. Beste pinu espezie batzuetatik erraz bereiz daiteke bere hosto motz urdin-berdexka eta enbor azal laranjari erreparatuz. Pinu gorria ez da oso gorria, beraz. Pinu benetan gorri bat ikusi nahi duenak, Urretxuko Labeaga kaleko 2ra jo dezake. Stylo ile-apaindegi eta jantzi-dendara, hain zuzen ere. Bertako erakusleihoan soineko gorri batekin egindako pinu bat jarri dute eta arrakasta itzela izan du. Urretxuko eta Zumarragako erakusleiho lehiaketan bi sari lortu ditu: lehen saria eta parte hartzaileena.
Styloko Gorane Dominguez gustura ageri da, noski. «Beti eman diogu garrantzia erakusleihoari. Gabonetakoa Lucia Alvarez lagunarekin egin dut. Kuadrillakoa da. Bioi gustatzen zaigu mundu hau. Gainera, alaben laguntza izan dugu».
Ideia, udaberrian
Aspaldi hasi ziren lanean. «Ideia maiatza aldera sortu zen. Irailean, berriz, materiala bilatzen hasi ginen. Gure bi jarduerak Gabonekin fusionatzea erabaki genuen eta horretarako Gabonetako zuhaitz bat egitea pentsatu genuen. Zuhaitz horren gorputza soinekoa da. Goran izarra jarri diogu eta gainerako apaingarriak ile-apaindegikoak dira», aipatu du Dominguezek.
Erakusleiho lehiaketako sariak ostiral eguerdian banatu zituzten, Zumarragako Euskadi plazan. Bigarren saria Urretxuko Labeaga kaleko Ur (Leire Santillan) dendak eskuratu zuen eta hirugarrena Zumarragako Secundino Esnaola kaleko Fernando Salegi harategiak. Santillanek ideia Maria Parrarena izan zela gogoratu zuen saria jaso zuenean.
Bestalde, epaimahaiak bi aipamen berezi egin ditu: Zumarragako Soraluze kaleko Urdangarin burdindegia eta Urretxuko Iparragirre kaleko Oleta iturgintza.
Sari banaketa ekitaldian, sarituekin batera, Rosa Maiza Zumarragako zinegotzia eta Igor Zubillaga Urretxuko zinegotzia egon ziren. Bi herrietako erakusleihoek hiri handietakoen edertasuna eta irudimena dutela esan zuten eta urretxuarrak eta zumarragarrak Gabonetako erosketak herrian egitera animatu zituzten.