Ekitaldian Idoia Mendia sailburuak parte hartu du .Ikastaroan hamaika gaztek parte hartu dute .Udalak berokuntza eta klimatizazio ikastaroa ere antolatu du
Zumarragako Udalak iturgintza eta elektrizitate ikastaroa antolatu ditu langabezian dauden gazteentzat. Hamaika gaztek parte hartu dute. Ikastaroa amaitu ondoren, diplomak jaso dituzte.
Diploma banaketa atzo egin zuten, UGLE Lanbide Eskolan. Ekitaldian Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak parte hartu zuen, Mikel Serrano alkatearekin batera.
Ikastaroan parte hartu duten gazteak Mikel Calda Sanchez, Tarik Chebki, Marcos Ariel del Rio Ramirez, Karim El Kharraz, Andoni Goenaga Pascual, Eneko Madinabeitia Aranburu, Ekaitz Marin Crespo, David Navarro Lorenzo, Yerai Olea Valenciano, Aitor Perez Gajete eta Yordan Rumenov Zdravkov dira.
Serranok hamaika gazteek formatzeko egin duten ahaleginak errekonozimendua merezi duela esan zuen. «Zumarragako Udalak gazteen emantzipazioa bultzatzeko hainbat lan ildo ditu. Gazteria sailak etxebizitzaren alokairua ordaintzeko eta lan egitasmoak aurrera ateratzeko laguntzak ematen ditu. Ekonomiaren Garapena sailak, berriz, beste instituzio batzuekin batera, ikastaro hau antolatu du. Espainiako Gobernuaren laguntzarekin, Europako laguntzak lortu ditugu eta ikastaro hau egin ahal izan duzue. Ikastaro honek lan merkatura ateratzeko aukera emango dizue, iturgintzaren eta elektrizitatearen munduan langileak behar baitira.
Izan ere, alor horietan belaunaldian arteko erreleboa egiteko zailtasunak daude ondo prestatutako langile gazteak falta direlako».
Zumarragako Udalak berokuntza eta klimatizazio ikastaroa ere antolatu du eta iturgintza eta elektrizitate ikastaroan parte hartu duten gazte gehienek hor ere izena ematea erabaki dute. Serranok hori ere txalotu zuen.
Udalak langabeziaren aurka borrokatzen jarraituko duela aurreratu zuen. «Gazteen artean %24koa da langabezia. 123 gazte daude langabezian. Horrek kezkatu egiten gaitu. 2018tik gaurdaino 30 urtetik beherako zortzi gazteri udaletxean lana eman diegu. Eta zuek egin duzuen ikastaroa egiteko 245.000 euro lortu ditugu. Udalak beste 20.000 jarri ditu. Gainera, enpresei laguntzak emango dizkiegu zuek kontratatzearen truke. Zuek kontratatzea erabakitzen dutenek lanbide arteko gutxieneko soldataren %70a jasoko dute lehen urtean. Eta autonomo gisa lan egitea erabakitzen baduzue, lanbide arteko gutxieneko soldataren %50a emango dizuegu lehen urtean», aurreratu zuen.
Sailburuaren hitzak
Mendia oso pozik azaldu zen. «Politikari buruz hitz egiten denean, Europa eta Gasteiz oso urrun ikusten dira, baina gaur uste baino gertuago daudela ikusten ari gara. Udalari eskerrak eman nahi dizkiot ematen dizkigun erraztasunengatik. Eta zuei zorionak eman nahi dizkizuet. Harro egongo zaretela pentsatzen dut. Pozik handiena hurrengo ikastaroa ere egin behar duzuela jakitea da.
Erakundeok zuei aukerak eman behar dizkizuegu eta zuek aukera horiek baliatu behar dituzue. Formazioa baino gauza garrantzitsuagorik ez dago. Ateak irekiko dizkizue. Ez utzi sekula formatzeari. Formatzeari uzten badiogu, lehiakorrak izateari uzten diogu eta lanpostua galtzeko arriskua dugu. Eskerrik asko Gasteizen egiten dugun lanaren fruitua zein den ikusteko aukera emateagatik», aipatu zuen Mendia sailburuak.