Urola, Hernani eta Txingudi eskubaloi kluben emakumezkoek parte hartuko dute. Dirua Biodonostiari emango zaio, neuroendekapenezko gaixotasunen ikerketarako
Astelehenean Anabel Santamaria zenaren omenezko eskubaloi txapelketa jokatuko da Zumarragako Ispilla kiroldegian. Urola, Hernani eta Txingudiren emakumezkoen taldeek parte hartuko dute.
16:00etatik 17:25era haur mailako hirukoa jokatuko dute Urola, Hernani A eta Hernani B taldeek. Lehenengo Hernani Ak Hernani Bren aurka jokatuko du, ondoren Urolak Hernani Aren aurka eta bukatzeko, Urolak Hernani Bren aurka.
18:00etan, Urolaren eta Hernaniren kadete mailako taldeek jokatuko dute. Bukatzeko, 19:00etan Urolaren eta Txingudiren senior mailako taldeek jokatuko dute. 20:15ean saski bat zozkatuko dute zozketarako txartelak erosiko dituztenen artean.
Txapelketa honen helburuak eskubaloia sustatzea, neuroendekapenezko gaixotasunak ezagutzera ematea eta ikerketarik gabe sendaketarik ez dagoela gogoratzea da. Bildutako diru guztia Biodonostia osasun ikerketarako institutuari emango zaio.
Lagundu nahi dutenek hiru eratara egin dezakete: Urretxuko eta Zumarragako farmazietan jarritako itsulapikoetara dirua botaz, saskiaren zozketarako txartelak erosiz eta merchandising produktuak erosiz.
Aurtengoa Santamariaren omenezko bosgarren txapelketa izango da. Anabel Santamaria Urola eskubaloi taldeko bi jokalari ohiren ama eta klubeko zuzendari teknikoaren emaztea zen. 2016ko urriaren 23an hil zen, gaixotasun luze eta sendaezin baten ondorioz: artrofia multisistemikoa.
Klubak ekitaldi bat antolatzea erabaki zuen, bere omenez. Zale «zintzo eta gogotsu» bezala gogoratzen dute. «Adiskidetasuna, elkartasuna eta talde lana dira gure klubaren balioak eta balio horiek, hain zuzen ere, deskribatzen dute ondoen Anabel zena».
Santamariaren omenezko txapelketak Zumarragako eta Urretxuko udalen babesa du.
Urtero, txapelketaz gain, hitzaldi bat antolatzen dute. Aurtengo hitzaldia astelehenean izan zen, Zumarragako kultur etxean. Javier Ruiz neurologian adituak Biodonostia osasun institutuan egiten ari diren lanaren berri eman zuen.
Martinez Medikuntza eta Kirurgiako litzentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Medikuntza eta Kirurgiako doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Gainera, mugimenduaren nahasteei buruzko masterra lortu zuen Murtziako Unibertsitatean. Bere lana Biodonostian egiten duen ikerketa lanarekin uztartzen du. Espainiako Neurologia Elkarteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Neurologia Elkarteko kidea da.