Zumarragako Udalak 12.985.000 euroko aurrekontua onartu zuen atzoko osoko bilkuran. PSE-EEk alde bozkatu zuen, EAJk abstentzioa eman zuen eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak aurka bozkatu zuten.
Jose Mari Bermejo Ogasun zinegotziak aurrekontua iazkoa baino %13 txikiagoa dela, inbertsioetara aurrekontuaren %2,5 bideratuko dela eta Foru Funtsetik iaz baino %14 gehiago jasoko dela aipatu zuen.
Egitasmo garrantzitsuenak ere zerrendatu zituen: zaurgarrienei laguntzea (etxez etxeko laguntzarako 711.000 euro bideratu dira), geriatriko zaharreko apartamentu dotazionalak, Urolako geltokia zaharberritzea (bertan emakumeen etxea, arazoak dituzten familientzat topalekua eta gizarte zerbitzuentzako bulegoak egin nahi dira), gazteri plana, ArcelorMittalena zen orubearen erabilera (Plastic Energy enpresaren etorrera eta plastikoaren ekonomia zirkularraren gunea)…
Inbertsio nagusiak ere aipatu zituen: goiko auzoen zaharberritzea, GI-2632 errepidearen bulebarizazioa (Euskal Herria hiribidea), San Isidroren peatonalizazioa, plazaren zaharberritzea, auto elektrikoak kargatzeko puntuak Zelai Ariztiko eta geltokiko aparkalekuetan…
Rosa Maiza Ekonomiaren Garapen zinegotziak zerbitzu komunitarioen plana egingo dela eta plazako eta azokako egitasmoa Next Generation laguntzetara aurkeztu dela gehitu zuen. “Milioi bateko laguntza lor dezakegu. Aurrekontua 2021eko soberakinarekin eta beste erakundeengandik lortuko ditugun diru-laguntzekin osatuko dugu”.
Mikel Serrano alkateak udalak ahalmen ekonomikoa duela esan zuen. “%4ko zorra dugu eta %25ekoa da topea. Horrek zerbitzuak eskaintzeko eta milioi erdi aurrezteko ahalmena ematen digu. Gainera, Euskadiko lehen Tokiko Energia Komunitatea izango dugu. Kooperatibak baztertzaileak dira, 2.000-3.000 euroko inbertsioa eskatzen baitute. Zumarragako energia komunitatean ez da inbertsiorik eskatuko eta, beraz, pobrezia energetikoa pairatzen dutenek ere parte har dezakete”.
Serranok ere inbertsio batzuk aipatu zituen: irisgarritasuna hobetzeko lanak auzoetan, Euskal Herria hiribideko bulebarizazioaren 2. fasea (Pasaje tabernaren parean), Antio hiribidearen atzealdearen txukuntzea (ubidearen berreskurapena eta 108 etxebizitza gazteentzat), Iparragirre hiribidaren atzealdaren zaharberritzea, musika eskolara daraman espaloiaren zabaltzea…
Ines Benitez Elkarrekin Zumarragako zinegotziak beraien proposamenak, beste herri batzuetan ez bezala, ez direla kontuan hartu kritikatu zuen. Elkarrekin Zumarrgak maskotentzako kolunbarioa egitea, Etxeberrin markesina bat jartzea, hilerri azpiko haur parkean ur jolasa egitea, Etxeberrine ta Izazpin irisgarritasuna hobetzea, maskotentzako parke bat egitea, bizikletentzako aparkalekuak jartzea proposatu du, besteak beste. “Aurrekontuak ez dira parte hartzaileak eta guk ordezkatzen ditugun herritarrak ez dira aintzat hartzen. Hori dela eta, aurka bozkatuko dugu”.
EAJko Josu Idigorasek langileen gastua %4 igo dela, horrek aurrekontuaren %32 suposatzen duela, gastu arruntak aurrekontuaren %44 direla (“%10 igo dira”) eta sarreren %60 Foru Funtsetik datorrela esan zuen. “Gastu arruntak hartzen ari diren pisuak kezkatu egiten gaitu. Horrek inbertsioetarako ahalmenik ez edukitzea dakar. Gainera, gobernantza kolaboratiboa faltan sumatzen dugu. Guk brigadarentzat ibilgailu berri bat erostea, kiroldegian berrikuntzak egitea eta haur parke bat estaltzea proposatu dugu, besteak beste. Gure proposamen batzuk kontuan hartu dira eta abstentzioa emango dugu”.
EH Bilduko Josu Aztiriak “oso irakurketa kritikoa” egin zuen. Ez zaizkie ez aurrekontuak lantzeko modua ez aurrekontuan edukia gustatu. “Ez da elkarlanerako borondaterik egon. Prozesua presaka egin da eta gure proposamenak baztertuak izan dira. Garaiok enpatia eta lankidetza eskatzen dute eta udal gobernua horretatik oso urrun dago”. Gainera, iaz emandako hitza ez betetzea leporatu zion udal gobernuari.
Bere garaian gizarte zerbitzuetan egindako murrizketei ez zaiela buelta eman esan zuen eta udalak ez duela inbertsioak egiteko ahalmenik salatu zuen. “Euskarak, kulturak, kirolak, elkarteek, gizarte zerbitzuen programek… diru gutxiago izango dute, nahiz eta Foru Funtsetik gehiago kobratu. Eta egitasmo estrategikoak falta dira. Aurrekontua egiteko proposamenak egin ditugu eta udal gobernuak ez ditu babestu. Hori dela eta, ezezkoa emango dugu”.
Serranok oposizioko alderdiei zerbait nahi dutenean diru hori lortzeko zer kendu behar den esan behar dutela bota zien. “Guk proiektuak aurkeztu eta diru-laguntzak lortzen ditugu. 40 milioi euro inbertitu ditugu 2007tik. Ahalmenik izango ez bagenu, ezingo genituzke egitasmo horiek beste erakundeekin batera finantzatu. Oso zor txikia dugu eta laguntza eskatu duten familia guztien eskariei erantzuna eman diegu. Guk egunero dugu harreman zuzena bizilagunekin, gure lana baita”.
Maizak bere proposamenetako batzuk aintzat hartu direla esan zion Benitezi. Idigorasi gobernu taldeak langileen erosteko ahalmena handitu eta egiten duten lan ona eskertu nahi duela esan zion. “Gastu korrontea igo bada, gastu batzuk garrantzitsutzat jotzen ditugulako da. Pertsonengan inbertitzen dugulako. Lehen espaloietan bakarrik gastatzen genuela esaten zitzaigun. Bestalde, gobernantza kolaboratiboa egon dadin, bi aldeek egin behar dute ahalegina. Eta prozesu parte hartzaileei dagokienez, asko jarri ditugu martxan. Besteak beste, plan orokorraren, gazteriaren, azokaren eta merkataritzaren ingurukoak”.
Aztiriari beraiei emandako hitza bete dutela erantzun zion. “Zuekin adostutako hamar egitasmoetatik, zortzi aurrera atera dira. Eta ez da egia alor batzuetan murrizketak egon direnik. 2021ean baino gehiago gastatuko dugu”. Aztiriak alor horietan 2020an baino gutxiago gastatuko dela erantzun zion. “Nondik gatozen begiratu behar da. Egoera ez da normalizatu oraindik. Baliabiderik ez dugula diozue. Jendea beldurtu nahi duzue”.