Oinatz Bengoetxea pilotari leitzarra azken partidak jokatzen ari da. Atzo Gipuzkoako zaleen omenaldia jaso zuen, Donostiako Atano III pilotalekuan jokatu zuen partidan. Arratsaldeko une alaiena Andoni Aretxabaletaren eskutik heldu zen: Maria Isabel Aramendi eitzatarraren semeak ‘Sigo siendo el rey’ rantxera abestu zion atzo bikote izan zuen Oinatz Bengoetxea lagunari. Aretxabaletak Eitzako kasta duela erakutsi zuen eta ikusleak kantuan jarri zituen.
Aretxabaletak, pilotarako ez ezik, dantzarako eta kanturako dohain bikainak ditu. Izan ere, duela gutxi erretiroa hartu duen Olaizolari aurreskua dantzatu zion Bizkaia pilotalekuan jokatu zuen azken partidan. Orduko hartan, Nerea Aretxabaleta arreba bikiak txistua jo zuen.
Atzokoa prestatu gabea izan zela dio. “Oinatz omentzeko zerbait egin nahi nuen, baina ez nekien zer. Mikrofonoa ikusi nuenean rantxera bat abestea erabaki nuen. Izan ere, bazkariren batean, elkarrekin egin ditugun bidaietan… rantxerak abestu izan ditugu. Oinatzek horrenbeste merezi du”. Andonik abestia Jon Erasuni ere eskaini zion, Baikok ez baitio kontratua luzatu. “Jonek ere merezi zuen”.
Andonik umetan txistua jotzen zuen, baina ez zuen solfeo ikasi. Hala ere, primeran abestu zuen. Dena den, ez du pilota musikarengatik uzteko asmorik. “10 urte neramatzan dantza egin gabe eta Aimarri aurreskua dantzatu ondoren, beste 10 urte dantza egin gabe emateko eskubidea irabazi nuela esan nuen. Atzokoaren ondoren, 10 urte eman ditzaket abestu gabe”.
Atzoko bideoa ikusteko, sakatu hemen.
Aimar Olaizolari dantzatutako aurreskua ikusteko, sakatu hemen.
Bideoak eta argazkia: eitb.eus.