Joan zen ostegunean osoko bilkura egin zuten Urretxun. Bertan, ur hornidura eta saneamendu zerbitzuen kudeaketa integralari dagokion kontratuaren aldaketa onartu zen, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoarekin. EH Bilduk abstentzioa eman zuen. EH Bilduk prentsa ohar bat helarazi du, bere iritzia azaltzeko. Horra hor prentsa oharra:
“2021ko abenduaren 31an Aquarberekin bukatzen zen ur kudeaketa kontratua eta ustez erabakitzeke zeuden hurrengo bost urteko prorroga unitate blokeari buruz, garaiak eskatutako beharrezko lanketa eta kudeaketa ereduak aldaketa bat behar zuela iruditzen zitzaigun eta horrela jakin arazi genion hitzez 2020ko urrian udal gobernuari, urtean zehar aurrean genituen hilabete horietan gaiaren azterketarekin jarduteko asmoz.
2021ean zehar, hainbat proposamen mahaigaineratu genituen, batik bat prorrogaren luzapenaren baldintzak elkar landu eta gauzatze nahian, hurrengo bost urte horietan behintzat kudeaketa %100 publikoa lortzeko eta bitarte hortan lantalde tekniko-politikoa martxan jartzeko munizipalizazioa gauzatu ahal izateko eta gutxienez uraren diru sarrerak udalean geratzeko.
Azaldutakoa burutu bitartean, Aquarbe enpresarekin ere urte hasierarako beste erabaki batzuk gauzatu behar zirela eskaturik:
-
– Tarifen murrizketa
-
– Langileen lan baldintzak hobetu
-
– Kanona ur inbertsio eta azpiegiturak hobetzeko erabili eta ur kontsumitzaile
zaurgarrienak babesteko erabiltzea.
-
– Ur Batzordean udal talde ezberdinen ordezkariak egotea
-
– Enpresari kontu auditatuak eta kontrol ekonomiko finantziero zorrotza egitea, erabiltzaileei fakturak etxeetara bidaltzeaz gain. (% 40ak jasotzen ez dituztelako)
Abenduaren 28an egindako azken batzordean udal gobernuak Aquarberekin lotutako kontratu aldaketaren baldintza zehatzak jaso genituen nahiz eta uztailetik gaiarekin gora eta behera jardun, hain zuzen batzuk eta besteok Zumarragan zer gerta zitekeen jakin nahi genuelako, bi herrietan enpresa berdinak egindako kudeaketaren harira sortutako eragin trakets eta ezberdinengatik hain zuzen.
Hori dela eta gure proposamenetan bi herrien artean entitate publiko bakarra sortzea aukera bikaina izan zitekeela aurreikusten genuen!
Aquarberekin abenduan egindako kontratu aldaketak dioenez eta guk eskatutakoak kontuan hartuz behintzat, ustez, mugiezina zen bost urteko blokean lotuta zihoan prorrogaren luzapena azkenean urtez urte egitea lortu da.
Jasotako kanona ere azpiegituretara bideratuko da eta enpresaren kontuak ere auditatuak izango dira.
Horrez gain, urtez urte kontratua berritzeak eta Ur Batzordearen bidez kudeaketaren jarraipena egiteko aukera izateak, gaur gaurkoan, aurrerantzean paraleloki, datozen urteetan kudeaketa eredua munizipalizaziorantz eramanen gaituen abiapuntutzat hartzen dugu eta kontuan hartu ez diren proposamenak erreferente izango ditugu uraren kudeaketaren eredu integral bat lortu nahian”.