Carlos Mediavilla urretxuarrak Kirolgi fundazioaren kirol argazki lehiaketa irabazi du, Donostiako izotz jauregian izotz gaineko dantza egiten ari zen neska bati ateratako argazkiarekin. Mediavilla errugbi partida baten argazkia ateratzera joan zen Donostiara, izotz jauregian lehiaketa bat zegoela ikusi zuen, sartu eta saria eman dion argazkia atera zuen. “Epaileek originaltasuna saritu dutela uste dut”, aipatu du.
Kirolgi fundazioa irabazi asmorik gabeko entitatea da eta bere helburua da Gipuzkoan kirol ez profesionala sustatzea eta garatzea, arreta berezia errendimenduko kirolean jarrita, horretarako babesle publiko zein pribatuak bilatuz. Urtero argazki lehiaketa bat antolatzen du Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin batera.