Juanma Begiristain (Urretxu, 1976) klarinete-jotzailea Bilboko musika bandako kidea da 2001etik. Urte amaieran Bilboko bandak Begiristainen 'Gernika suzko euripean' obra estreinatu zuen.
Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Ramon Esnaola nire amaren osaba zen. Ramonek klarinetea jotzen zuen Zumarragako bandan. Berarekin hasi nintzen solfeoa ikasten eta ondoren Secundino Esnaola musika eskolara joan nintzen.
Zuk ere klarinetea jotzen ikasi zenuen.
Bai Ramonek eta bai nire osaba Martin Begiristainek klarinetea jotzen zuten Zumarragako bandan. Niri ere gustatzen zitzaidan eta instrumentu hori jotzea erabaki nuen. Nire irakaslea Juan Navarro izan zen, Euskadiko Orkestrako bakarlaria. Goi mailako ikasketak Donostian egin nituen.
Argi al zenuen musikatik bizi nahi zenuela?
18 urterekin Informatika ikasketak hasi nituen unibertsitatean, baina musika nahiago nuela ikusi nuen. Hori dela eta, musika aukeratu nuen.
Zein taldetan jo duzu?
La Pamplonesa musika bandan bi urte eman nituen eta ondoren Bilboko udal musika bandan plaza lortu nuen.
Ze alde daude bi banden artean?
La Pamplonesa banda erdiprofesionala da. Osagarri bezala ondo dago, baina ezin zara hortik bizi. Bilboko musika banda, berriz, profesionala da. Nire lanbidea Bilboko musika bandan jotzea da.
Zenbat kide zarete?
50 inguru. Asko valentziarrak dira. Erdia, gutxi gorabehera. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ere asko gara. Ia beste horrenbeste. Gipuzkoarroi dagokionez, Elgoibarko, Irungo eta Hernaniko jendea dago.
Valentzian bandek indar handia dute.
Hala da. Hori dela eta, musikari asko dituzte. Kantitatetik kalitatea ateratzen da. Oposizioetara aurkeztu nintzenean, banekien erdia baino gehiago valentziarrak izango zirela.
Alde handia al dago banda bateko kidea izatetik orkestra bateko kidea izatera?
Mailari dagokionez ez, bietan musikariari asko eskatzen baitzaio. Orkestran klarinete-jotzailea bakarlaria izaten da eta bandan, berriz, orkestretan biolin-jotzaileek egiten duten lana egiten dut.
Orkestraren batean jo al duzu?
Euskadiko Gazte Orkestran jo nuen eta Euskadiko Orkestrarekin pare bat aldiz jo dut. Polita da. Ezberdina. Errepertorioa ezberdina da.
20 urte baino gehiago daramatzazu dagoeneko Bilboko bandan. Nolakoa da zure bizimodua?
20 urte eman ditugu Bilbon bizitzen. Lanetik gertu, gainera. Emazteari herrian lan egiteko aukera suertatu zitzaion eta herrira itzultzea erabaki genuen. Egunero Bilbora joaten naiz, entseatzera. 50 minututan iristen naiz. Ez da asko. Bilbon bertan bizi diren lankide batzuk ordu erdi behar dute lantokira iristeko.
Non entseatzen duzue?
Bilbao Musikaren egoitzan. Bilbao Musika bandaz, txistulari bandaz eta musika eskolaz arduratzen da.
Emanaldi asko al dituzue?
Oso errepertorio zabala dugu. Urtero hainbat obra berri jotzen ditugu. XIX. eta XX. mendeko obrak jotzen ditugu, batez ere. Hilero bizpahiru emanaldi egiten ditugu. Bilboko Aste Nagusian egunero jotzen dugu. Zezenketetan ere jotzen dugu. Eta bertako taldeekin ere jo dugu. Doctor Deseorekin eta Oskorrirekin, adibidez. Kontzertu ia guztiak Bilbon egiten ditugu. Bi ziklo ditugu: udazkenekoa eta negukoa Euskalduna jauregian izaten da eta udaberrikoa eta udakoa Areatzako kioskoan eta Azkuna Zentroan. Azken bi toki hauetan errepertorioa ezberdina izaten da, ahalik eta jende gehienarengana iristeko.
Dagoeneko erabat bilbotarra izango zara…
Erabat ez. Saiatu dira, baina ez dute Athleticekoa egitea lortu. Alaba, ordea, okertu dute dagoeneko. Bilbo Donostia baino hobeto ezagutzen dut jada, noski. Oso eroso nago bertan eta ez dut beste inora joateko asmorik.
Bilboko musika bandak ‘Gernika suzko euripean’ obra estreinatzeko aukera eman dizu, gainera.
Bandarentzat egin dudan lehen lana da. Jose Mari Lasa hil eta gutxira bere omenezko kalejira bat konposatu nuen eta bere familiari oparitu nion. Urretxuko txistulariek noizean behin jotzen dute.
Nolakoa da ‘Gernika suzko euripean’ obra?
Gernika bonbardatu zuten egunean gertatu zena deskribatzen du: txoriak entzuten dira (goiza), Gernika zortzikoa, Condor legioaren gerturatzea, merkatuko giroa, bonbardaketa, hileta martxa eta Gernikako Arbolaren hasierako doinua itxaropen mezu batekin amaitzeko.
Zergatik aukeratu duzu gai hori?
Gaiak beti erakarri nau. Nire erronka pertsonala da, ez baitut konposaketa ikasi. Duela sei urte ia obra guztia idatzi nuen, baina loturak ez nituen batere argi. Iaz bururatu zitzaidan nola egin eta oso pozik nago emaitzarekin.