ButaK 21 zineklub taldeak Magaluf ghost town dokumentala emango du gaur, 20:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Mallorcako Magaluf herrira mozkortzea helburu duten turista asko joaten dira. Eguzkia, sexua eta edari merkeak deituta, milaka lagun joaten dira bertara oporrak pasatzera edota ikasbidaia egitera. Horrek, bertako bizilagunen bizimodua ia jasanezina bihurtu du eta lan prekarietatea ekarri du.
Dokumental honetan, Miguel Angel Blanca zuzendariak Magalufen bizi diren hiru lagunei hitza eman die: adineko garbitzaile bati, herritik ihes egitea helburu duen gazte bati eta bizimodu hobe baten bila bertara joan den gazte afrikar bati. «Magalufen zakartasuna eta oldarkortasuna aurki daitezke, baina baita istorio magiko eta ederrak ere», aipatu du zuzendariak.
Dokumental hau iaz egin zuten eta ordu eta erdiko iraupena du.