Zumarragan bizi den Khuruts Begoña zuzendari bizkaitarrak ‘Deia’ zientzia fikziozko film laburra egin du. Jose Ramon Soroiz, Leire Santillan eta Elena Garcia goierritarrek ere parte hartu dute.
Goierrin denetik egiten da: trenak, autobusak, gazta, mendi lasterketak… baita zientzia fikziozko pelikulak ere. Zumarragan bizi den Khuruts Begoña zuzendari bermeotarraren Deia film laburrak hamaika zinemalditan parte hartu du eta harrera bikaina izan du. Film labur honetan Jose Ramon Soroiz aktore legorretarrak, Leire Santillan diseinatzaile urretxuarrak, Elena Garcia makillatzaile zumarragarrak eta Legorretako Zinkunegi anaien Arteria Fabrikak ere parte hartu dute.
Begoñak ideia konfinamenduko bigarren hilean sortu zela dio. «Ray Bradbury-ren lan bat burura etorri zitzaidan. Infektatuak mugikorraren bitartez kontrolatuak edukitzeaz hitz egiten zen eta errealitate horrek lanera bultzatu ninduen. Zientzia fikziozko lan bat egin nuen, errealitatean gertatzen zen gauza bat kontatzeko».
Lana lehenbailehen bukatu nahi zuen, pandemia egoera amaitu aurretik. «Jendeak filma bizitzen ari ginen egoerarekin lotzea nahi genuen. Azkar bukatuko zela uste genuen eta luzatu egin da».
2019an planeta berri bat aurkitu da eta 2020an Euskal Espazio Agentziak gizaki bat bidali du bertara planetako bizigarritasun aukerak aztertzeko. Hamarkada batzuk beranduago dei bat jasoko du eta orduan hasiko da istorioa. «Oso diru gutxirekin egin genuen, baina ukitu profesionalarekin. Jose Ramon Soroizek eta soinu onenari Goya irabazi zuen Xanti Salvadorrek parte hartu zuten, besteak beste. Ez dago robotik edo espazio-ontzirik, mugikor bat dago. Eta spaghetti western-aren eragina nabari da».
Bi zutabe nagusiak
Salvador eta Soroiz filmaren zutabe nagusiak direla dio. «Askotan soinuari ez zaio merezi duen garrantzia ematen, baina irudiak bezainbesteko garrantzia du. Bestalde, Jose Ramonek sekulako indarra du kameraren aurrean. Bera da aktore bakarra. Bien baiezkoa jaso nuenean… aurrera! Santirekin askotan lan egin dut, baina Jose Ramonekin lehenengoz. Gozamena izan da berarekin lan egitea. Arteriakoen bitartez jarri nintzen berarekin harremanetan, Donostian elkartu ginen berarekin eta oso kimika polita sortu zen».
Goierritar gehiagok ere parte hartu dute: Leire Santillan jantziez arduratu zen eta Elena Garcia makillajeaz eta ile-apainketaz. Filma Bardeetan grabatu zuten: Aire de Bardenas hoteleko kapsuletako batean eta desertuan.
Oso diru gutxirekin egindako pelikula honek harrera bikaina izan du. Iazko urtarriletik gaurdaino, 17 jaialditan parte hartu du: Estatu Batuetan, Indian, Argentinan, Australian, Alemanian, Mexikon, Katalunian, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean… Ohorezko aipamenak eta sari bat lortu ditu, gainera.
Begoñaren hurrengo egitasmoa film luze bat izango da. «Oraindik ez du izenbururik. Duela gutxi ekin diogu gidoia idazteari. Dena oso zabalik dago. Bideoartetik eta instalakuntza mundutik nator eta ez dut gidoi narratibo bat egingo. Eskulturan lan egiten den moduan lan egingo dut. Lana ikuspuntu artistikotik ikusten dut, ez narratibotik. Generoak apurtzea gustatzen zait. Deiaren aurreko lana, Eta gertatu izan balitz?, abstraktuagoa izan zen. Deia Antxon Elola lagunak jarritako erronka bat izan da: ea noiz egiten duzun zerbait komertzialagoa! esan zidan».