Urola Kirol Elkarteak ohorezko bazkide izendatuko du Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua
Ostiralean, 13:00etan, Urola Kirol Elkarteak ohorezko bazkide izendatuko du Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua. Ekitaldia ospitaleko atarian izango da. Bertan, bi erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte. Izendapen honen bitartez, klubak erakunde sanitario horretako profesionalak omendu nahi ditu, bereziki azken bi urteotan egindako lanagatik.
Ekitaldian, Urolaren izenean, Jotxin Iturbe lehendakariak eta Mikel Igartua lehendakariordeak hartuko dute parte. Eurekin batera, Goierri-Urola Garaia ESIko zuzendaritzako kideak egongo dira: Laura Agirre Alberdi (zuzendari-gerentea), Ana Calvo Agirre (medikuntza zuzendaria), Eva Maria Alarcon Duque (erizaintzako zuzendaria), Maria Dolores Blanco Pompeyo (ekonomia eta finantza zuzendaria) eta Olga Doiz Unzue (langileen zuzendaria).
Urolak 50 urte bete ditu aurten. Futbol jarduera ardatz duen Zumarraga eta Urretxuko kirol elkarteak urteurrena baliatu nahi du kluba herritarrengana hurbiltzeko eta, horretarako, Indar Hori kanpaina jarri du martxan. Ekimen horren helburuak babesle eta bazkide kopurua handitzea, partidak ikustera jende gehiago joatea eta herritarrek taldearen jarduera osagarrietan laguntzea dira. Horrekin batera, epe luzera begira, klubaren parte diren edo izango direnen fidelizazioa, marka irudia indartzea eta ikusgarritasuna areagotzea.
Estrategia hau eskualdeko enpresei (ostalaritza, merkataritza, zerbitzuak) eta familiei zuzenduta dago nagusiki, baina zeharka herritarren eta erakundeen babesa lortu nahi dute.
Urolak Argixao futbol zelaian du egoitza, Zumarragako 0spitalearen ondoan. Ospitalea Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitarioaren parte da, Urola Erdia eta Goierri bailaretako anbulatorio eta osasun zentroekin batera. Erakunde sanitario honek ia 97.000 herritarrei eskaintzen die zerbitzua. “Guregandik gertu sentitzen dugun erakundea delako eta bertako profesionalek egiten duten lana eskertu nahi dugulako, Urola Kirol Elkarteak Indar Hori ohorezko bazkide izendatu nahi du Goierri-Urola Garaiko ESI. Bi erakundeen arteko adiskidetasunari eta elkarlanari ateak zabaltzeaz gain, pandemia garai luze eta gogor honetan osasungintzako langileek erakutsitako kemenagatik omenaldi txiki bat egitea da gure asmoa”, azaldu dute Urolako arduradunek.