Urretxuko arte tailerra Aizpurunea kultur etxeko ganbaran dago. Aurten ere ikastaroak eta erakusketak antolatu dituzte. Lehen erakusketa Luisi Bravo arte tailerreko kideak egingo du.
Ganbarak toki lasaiak eta iradokitzaileak izaten dira eta Urretxuko Udalak arte tailerra kultur etxeko ganbarara eramatea erabaki zuen. Ordutik, herritar asko pasa dira bertatik. Joan zen astean 2022ko programazioaren berri eman zuten.
Ekitaldian, Aitor Etxeberria marrazketa eta pintura irakasleak, Luis Bravo ikasleak, Josu Maroto tailerren zuzendariak eta Maialen Fidalgo zinegotziak parte hartu zuten.
Etxeberriak eta Bravok eskolaren eskaintzaz eta funtzionamenduaz hitz egin zuten. Eskolak asteazkenetan izaten dira, 18:30etik 20:30era, baina ikasleek edozein unetan joan daitezke ganbarara margotzera. Horrek lanekin aurrera egiteko eta ikasitakoa praktikatzeko aukera ematen die. Eskoletan nahi duten guztiek parte har dezakete.
Tailerrak
2015ean udalak arte tailerraren eskaintza zabaltzeko beharra ikusi zuen eta ordutik aire librean margotzeko, giza irudiak margotzeko eta akuarelarekin margotzeko tailerrak antolatu ditu. Tailer hauen gidaria Josu Maroto da.
Aurten, zazpi giza irudi saio eta lau akuarela saio egingo dira. Lehen giza irudi saioa otsailaren 8an izango da eta hilero bat egingo da (udan izan ezik). Akuarela saioak martxoan, maiatzean, irailean eta azaroan izango dira. Lehenengo biak Jose Manuel Mendezek zuzenduko ditu eta azken biak Jorge Lopezek. Giza irudi saioak Labeaga aretoan izango dira eta akuarela saioak kultur etxeko ganbaran. Bestalde, ekainaren 18an aire libreko pintura saio bat egongo da. Saio bakoitzak 10 euroko prezioa du, baina hiru saiotan izena ematen dutenek %25eko deskontua izango dute.
Bukatzeko, Fidalgok 2022an Juan de Lizarazu aretoan egingo diren erakusketen berri eman zuen. Lehen erakusketa Luisi Bravok egingo du, martxoaren 25etik apirilaren 10era. Maiatzaren 6tik maiatzaren 22ra, berriz, Ibane Cerezoren lanak ikusi ahal izango dira. Cerezo ere herritarra da. Abangoardiako lanak egiten ditu.
Ekainaren 3tik 13ra Gainzuri ikastetxeko ikasleen eskulanak ikusi ahal izango dira, ekainaren 17tik uztailaren 3ra Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kideen lanak, urriaren 14tik 30era Jon Jauregiren margolanak eta azaroaren 25etik abenduaren 11ra Juliette Juneren margolanak.