Dinamizazio lanari dagokionez, Monica Leivak Maite Aguadori pasa dio lekukoa. Urretxuko Udalaren egitasmo honetan administrazioak, elkarteek eta bizilagunek parte hartzen dute.
Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak urteko jardunari ekin behar dio eta Urretxuko Udalak bizilagun guztiak ekimen honetan parte hartzera animatu ditu.
Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia elkartrukerako eta hausnarketarako gune irekia da. Tokiko administrazioak, bizilagunek, erakundeek eta elkarteek parte hartzen dute. Egitasmo honen helburua giza eskubideetan oinarritutako gizarte inklusiboa sortzea eta mantentzea da.
Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia 2012an sortu zen. Diskriminazioaren prebentzioan eta identifikazioan lan egiten du eta gizarte kohesioa eta bizikidetza sustatzeko proiektuak bultzatzen ditu.
Hamar urte hauetan martxan jarritako proiektuen artean aniztasunaren jaia (2013tik), Urretxun Bizi Gara harrera eskola (2014tik), irakurketa errazeko kluba (2018tik), zurrumurruen aurkako estrategia (2018tik), SukaldAnitzak (2019tik), cricket ikastaroa (2016tik), Escape Rooma (2021tik) eta Elkarbide Pasabideak (2021tik) daude.
Aurten zortzi bilera egingo dira. Guztiak ostegunetan izango dira, 18:00etan, Aizpuru-Enea kultur etxean. 2022ko bilerak otsailaren 3an, martxoaren 3an, apirilaren 7an, maiatzaren 5ean, ekainaren 9an, irailaren 8an, urriaren 6an eta azaroaren 3an izango dira.
Bilerak, ahal dela, aurrez aurre egingo dira, une bakoitzean gomendatutako osasun neurriak kontuan hartuta (distantzia, maskara, aireztapena, eskuen garbiketa…). Formatu presentziala posible ez balitz, bilerak bideokonferentziaz egingo lirateke. Parte hartzeko, aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi behar da, udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegora jo edo 943 03 80 83 telefono zenbakira deitu.
Pandemia garaian ere, Urretxuko Udalak aniztasuna ikusarazten jarraitu nahi du eta aukera berdintasuna bultzatu. Lan hori erronka komunitarioa da eta gizarte inklusiboa sortzeko konpromisoa duten pertsona, erakunde eta elkarteen lan kolektiboa eskatzen du. Hori dela eta, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, hobe.
Parte hartzaileak
2021ean 18 lagunek hartu zuten parte: hainbat herritarrek, zinegotziek eta Aspaceko, Jose Mari Iparragirre institutuko, lizeoko, Gautenako, Zumalakarregi museoko, Cuidarteko, Gazte Bideaneko, kale hezitzaileen taldeko, Alambique etxeko eta Agifeseko ordezkariek.
Orain arte Monica Leiva izan da egitasmo hau dinamizatu duena. Leivak dinamizazio lana utzi du eta Maite Aguado urretxuarrari pasa dio lekukoa.