23 urte azpikoen artean, laugarren onena izan da
Xabier Isasa txirrindulari urretxuarrak gaur egin du debuta profesional mailan, Euskaltel-Euskadi taldearekin. Mallorcako challengeko Port d’Alcudia-Port d’Alcudia lasterketan parte hartu du, 173,2 kilometrokoa. Lasterketa bukatzea lortu du. 53. postuan sailkatu da, irabazlearengandik 9 segundora. Lehen taldean 46 lagun sartu dira eta Isasa bigarren taldearen aurrealdean sartu da helmugara. 23 urtekoen artean laugarren onena izan da. Irabazlea Intermarche-Wanty-Gobert taldeko Biniam Girmay 23 urte azpiko txirrindularia izan da.
Isasa oso gustura ageri da. “Dena oso ondo joan da. Oso gustura nago. Oso sentsazio onak izan ditut”. Larunbatean eta igandean Mallorcako challengeko azken bi lasterketetan parte hartuko du.