Urola Kirol Elkarteak ohorezko bazkide izendatu du Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua
Urola Kirol Elkarteak ohorezko bazkide izendatu du Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua. Ekitaldia ospitaleko atarian izan da. Bertan, bi erakundeetako ordezkariek hartu dute parte. Izendapen honen bitartez, klubak erakunde sanitario horretako profesionalak omendu nahi ditu, bereziki azken bi urteotan egindako lanagatik.
Ekitaldian, Urolaren izenean, Jotxin Iturbe lehendakariak eta Mikel Igartua lehendakariordeak hartu dute parte. Eurekin batera, Pedro Urdapilleta Gipuzkoako Futbol Federazioko zuzendaritzako kidea egon da. Goierri-Urola Garaia ESIko zuzendaritzako kideak ere egon dira, Laura Agirre zuzendari-gerentea buru. Urolako ordezkariek klubeko banderatxo bat eta kamiseta bat oparitu diete ESIko ordezkariei.
Iturbek Indar Hori kanpainaren berri eman du. “Duela aste batzuk jarri genuen martxan, laguntzaile berriak lortzeko eta kluba herritarrei hurbiltzeko. Zuek gugandik gertu zaudete eta gertu egotea nahi dugu. Bihotzez eman nahi dizkizuegu eskerrak osasunaren eta kirolaren alde egiten duzuen langatik. Baita pandemia garai honetan egiten ari zareten esfortzuagatik ere. Ohore bat da guretzat Indar Hori ohorezko bazkide izendatzea”.
Laurak eskerrak eman zizkion Urolari. “Harro eta pozik jaso dugu omenaldi hau. Urte zailak izaten ari dira gizarte guztiarentzat, baina bereziki osasun arloko langileentzat. Eskerrak eman nahi dizkiet ESIko langile guztiei egiten ari diren esfortzuagatik. Urolari ere eskerrak eman nahi dizkiot, egiten duten lanagatik eta omenaldiagatik”.
Horra hor Gotzon Aranburuk grabatutako bideoa.