Lehenengoz, gaikako bilketak %80a gainditu du
Sei urtetan, gaikako bilketa %47tik %80,1era pasa da Urretxun. Sasieta mankomunitatean, 5.000 biztanletik gorako herrien artean, gaikako bilketa altuena duen herria da.
Mugarria edukiontzi grisaren ezarpena izan zen: gaikako bilketa %47tik %74ra pasa zen urtebetean. Ordutik, edukiontziak hobetu dira eta kontzientziazio lana egin da. Udalak herritarrak zoriondu nahi ditu. “Urretxuarrak kontzientziatuta daude. Gaikako bilketa tasak gora egin du urtetik urtera, egungo %80,1era iritsi arte. Zifra bikaina da. Izan ere, Sasieta mankomunitatea osatzen duten herrien batezbestekoa %77,2koa da. Eta 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Urretxu gaikako bilketa tasa altuena duen herria da”.
Udal arduradunek erregulartasuna ere azpimarratu dute. Izan ere, 2021eko hilabeteei dagokienez, gaikako bilketa txikiena %79koa izan da eta altuena %82koa. Gainera, zabor gehien jasotzen den hilabeteetan portzentaia altuagoa da. Horrek urretxuarrak oso kontzientziatuta daudela esan nahi du.
Udalak herritarrak orain arte bezala aritzera animatu ditu. “Gaikako bilketaren portzentaia altuari esker, ez dugu zaborraren tasa igo beharrik. Urretxuarrek Goierriko batezbestekoa baino gutxiago ordaintzen dute”.
Bukatzeko, herritarrak gaikako bilketaren datuak eta zerbitzua hobetzeko iradokizunak aurkeztera animatu dituzte.