Moyua enpresak egingo ditu lanak, 655.000 euroko aurrekontuarekin. Irailetik urrira bitartean bukatzea espero dute.
Zumarragako Euskadi plazaren zaharberritze obra atzo hasi zen. Aurrekontua 655.000 eurokoa da eta lanak Moyua enpresak egingo ditu. Irailaren amaieran edo urriaren hasieran amaitzea espero da.
Plazako eta azokako zorua altxatuko dute, saneamendu, argiteria, elektrizitate eta gas instalazioak berritzeko. Zorua berrituko dute eta estatuaren inguruan eserlekua jarriko dute. Probalekua bere horretan mantenduko dute.
Lanak zatika egingo dira eta etxebizitzetara eta lokaletara sartzeko pasabideak jarriko dituzte. Larunbateko azokako postuak Zelai Arizti parkera eramango dira.
Larunbat honetatik aurrera baserritarren postuak udalak Zelai Arizti parkean muntatu duen karpan egongo dira. Gainontzeko janari postuak ere Zelai Ariztin jarriko dira.
Obra hau gobernu planeko proiektu estrategikoetako bat da. Udalak 925.000 euro jaso ditu Next Generation funtsetik Zumarraga merkataritza eredu digital batera bideratzen proiekturako.