EH Bildu, EAJ eta Elkarrezkin Zumarragak errespetua eta jarrera aldaketa sakona eskatu zioten duela bi aste Mikel Serrano alkateari eta gobernu taldeak (PSE-EE) “ezinegona” azaldu du eskaera horren aurrean. Gobernu taldeak gobernantza ona (gardentasuna, etika, parte hartzea, eraginkortasuna, jasangarritasun finantzieroa eta instituzioaren indartzea) ez dago soilik gobernu taldearen eskuetan. “Oposizioak ere bere alea jarri behar du”, dio gobernu taldeak. Oposizioari “errespetu falta” leporatu diote, bereziki EH Bilduri.
Horra hor PSE-EEren prentsa oharra. “Aurreko legealdian, gobernu taldeak proiektu ezberdinak aurkeztu zituen gobernantza ereduan aurrera egiteko. Oposizioari proiektu horien guztien berri eman diogu. Baina legealdi hau hasi denetik, oposizioak errespetu falta erakutsi du. Bereziki, EH Bilduk. Behin baino gehiagotan, teknikariekin kontrastatu gabe edo beraien eskura dituzten txosten teknikoak aztertu gabe, manipulazioa edota gardentasun falta leporatu digute. Baita udala hondamendi ekonomikora eraman izana ere. Horrekin, herritarrak beldurtu nahi dituzte. Eta oso ondo dakite bizi dugun pandemia egoera honetan edozein informaziok, nahiz eta kontrastatua ez egon, herritarren ezinegona pizten duela. Oposizioak informazio eta txostenak eskuratzeko eskubidea du eta Zumarragako Udalean hori 100%ean bermatzen da. Baina oposizioak betebeharrak ere baditu: organo guztietan iritzia azaldu behar du eta botoa eman behar du. Baina askotan ez du iritzia ematen eta ez du aktiboki parte hartzen. Entzule gisa soilik parte hartzen du eta ondoren komunikabideetan gobernu taldeak egindakoa kritikatzen du. Eta ez solik komunikabideetan. Baita kanal informalagoetan ere. Eta kanal informal horietan denak balio du. Azkeneko kritika orain arteko errespetu falta handiena izan da. Beste behin alkatea publikoan erasotu dute. Gure ustez, eraso hori hauteskundeei begira egin dute. Eraso horrek ez du udal kudeaketarekin inongo zerikusirik. Gaur arte isilik egon gara, gure lehentasuna ondo kudeatzea, herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta herria hobetuko duten egitasmoak aurrera ateratzea baita, baina nahikoa da esateko ordua iritsi da. Politikan ez du denak balio. Udal hauteskudeetarako urte bete baino apur bat gehiago falta den honetan etengabe salaketa publikoak egiteak gure lanari ospea kentzen dio, alderdien eta zinegotzien arteko giroa gaiztotzen du, udala ahultzen du eta herritarrek udal ordezkariengan duten konfiantza gutxitzen du. Gobernu taldeak, alkatea buru, Zumarragaren eta zumarragarren alde lan egiten jarraituko du. Izan ere, oso argi dugu horretara bideratu behar ditugula gure denbora eta esfortzua”.