Whatsapp eta Telegram bidez ere herritarrekin harremanetan jarriko dira

Zumarragako EH Bilduk komunikazio kanal berriak ireki behar ditu, herritarrengandik gertu egoteko eta komunikazio kanal zuzena izateko. Whatsapp eta Telegram, hain zuzen ere.
Komunikazio kanalen helburua udaleko zein herriko informazio interesgarria helaraztea izango da. “Batez ere udalerriarekin eta gure egunerokoarekin lotutako informazioa zabalduko dugu herritarrak udalean eta Zumarragan gertatzen ari den guztiaz informazio zehatza izan dezaten. Askotan, herriko zein udaleko zenbait gai eta informazio ez dira herritarrengana iristen eta komunikazio kanal hauen bidez bidean geratzen diren gai askoren berri izango dute. Helburua Zumarragako Udaleko zein herriko informazioa zabaltzea da; ez dira iritziak trukatzeko guneak izango”.
Whatsapp taldeko partaide izateko aldez aurretik beraiekin harremanetan jarri eta 688 874 751 telefonoa kontaktuetan gorde behar da. Telegrameko bidea nahiago bada, aipatutako telefono zenbaki horren bidez edo EH Bildu Zumarraga izenaren bidez aurki daiteke kanala Telegramen.
Edozein kexa, iradokizun edo iritzi izanez gero ere 688 874 751 telefono zenbakira idatzi ahal izango du herritarrak eta berekin jarriko dira harremanetan. “Zumarragako EH Bilduk herritarrekiko harreman zuzena, aldebiko komunikazioa lantzea lehentasunen artean dauka eta bide horretan urrats asko eman ditugu legegintzaldi honetan. 2019ko azaroan Auzoekin Topaketak antolatu genituen, 2020ko udaberrian aldizkari bat eta galdetegi bat banatu genituen etxe guztietara, udalaren egoera ekonomiko kezkagarriarekin sei bideo egin genituen, uraren pribatizazioarekin bideo bat ere zabaldu genuen eta 2021eko azaroan berriro ere egin ditugu Auzoekin Topaketak 120 bizilagunek parte hartu dutelarik. Eta bide batez, ohar hau Zumarragako auzo desberdinetako bileretan parte duten herritarrak eskertzeko baliatu nahi dugu. Gogoratu, bestalde, Facebook, Twitter, Instagram eta Youtuben ere kontuak ditugula, Zumarragako EH Bilduren jardueraren berri ematen dugularik astero eta etenik gabe”.