Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako 24 herritar ezagunek 24/7 plataformako aldarrikapenarekin bat egin dute: pandemia aurretik bezala, Zumarragako anbulatorioa egunero eguneko 24 orduetan irekitzea. Horra hor aldarrikapenarekin bat egin duten 24 lagunen zerrenda:
- Lurdes Canduela Zumarragako zinegotzi ohia.
- Ramon Arbizu Urretxuko alkate ohia.
- Juanito Arbizu Urretxuko alkate ohia.
- Mila Osinalde musikaria.
- Gorka Hermosa musikaria.
- Arantza Aztiria Urretxu-Zumarraga ikastolako irakasle ohia.
- Koro Badiola Joxe Mari Iparragirre institutuko irakasle ohia.
- Inma Albisua Gainzuri ikastetxeko irakasle ohia.
- Iñaki Etxezarreta Urretxu-Zumarraga ikastolako zuzendari ohia.
- Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendaria.
- Ainhoa Sanz atleta.
- Joseba Apaolaza aktorea.
- Paco Parra sindikalista.
- Raimundo Morazo sindikalista.
- Jone Urain zeramikaria.
- Amelia Jauregi artzaina.
- Luis Mari Segurola Zumarragako parroko ohia.
- Faustino Ruiz pentsioduna.
- Asier de la Iglesia saskibaloi jokalaria.
- Dani Garcia Athleticeko jokalaria.
- Jose Manuel Paternain arte martzialetako kirolaria.
- Iñaki Murua bertsolaria.
- Joseba Urdangarin merkataria.
- Diego Cuartero ostalaria.
24 herritar ezagunen babesa gaur eman da ezagutzera, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldia Belen Baztarrika eta Jose Antonio Segade plataformako kideek aurkeztu dute. Ekitaldian 50 bat herritarrek parte hartu dute. Baztarrikak eta Segadek duela ia bi urte anbulatorioko larrialdien zerbitzua itxi zela eta 2020ko urrian plataforma sortu zela gogoratu dute. Plataformak hainbat ekintza antolatu ditu: ia 8.000 sinadura jaso ditu anbulatorioa eguneko 24 orduetan irekitzearen alde, sinadurak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu, Osasun sailburuarekin biltzen ahalegindu da, kontzentrazioak eta manifestazioak antolatu ditu… Lanean jarraituko dutela agindu dute. “Kalitatezko osasun zerbitzua izateko eskubidea ezin zaigu kendu”.
24 herritar ezagunen elkartasuna jaso dute eta sektore ezberdinetako herritarren babesa bilatuko dutela aurreratu dute. Sinadura bilketarekin jarraituko dute eta bizilagunei senitartekoen eta lagunen sinadurak biltzeko eskatu diete. “Galdutakoa berreskuratu nahi dugu. Eguneko 24 orduetan zerbitzua genuen eta hori berreskuratu nahi dugu”.
Orain arte bezala, hilero bi kontzentrazio egingo dituzte eta hileko azken larunbatean manifestazioa egingo dute: 12:00etan, Areizaga-Kalebarren plazan.
Bukatzeko, bi sinatzailek testu bat irakurri dute. Amelia Jauregik eta Jose Manuel Paternainek, hain zuzen ere. Sinatzaileak ordezkatzea “ohorea” dela esan dute. “Gure osasuna zaintzen duten zerbitzuak ezinbestekoak direla uste dugu eta horien gainean ez da inongo aldaketarik egin behar. Jakin badakigu pandemiak osasunaren funtzionamendu osoa nahastu duela, baina horregatik, inoiz baino gehiago, lehen mailako arreta zerbitzuak indartu behar dira. Gure osasun zentroko larrialdi zerbitzua bezala”. Hori dela eta, bizilagunei plataformak antolatuko dituen ekimen guztiak babesteko eskatu diete.