Goizeko saioan ikastetxeek eta elkarteek parte hartuko dute eta arratsaldekoan gainontzeko herritarrek. Bigarren hau 19:00etan izango da, Zelai Arizti aretoan
Zumarragak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berritu behar du eta herritarren iritziak jaso eta aintzat hartu nahi ditu. Horretarako, parte hartze prozesua antolatu du. Parte hartze prozesu hau gaur bertan abiatuko da.
Bi saio egingo dira, bata ikastetxeei eta gizarte arloko erakundeei bereziki zuzendua eta bestea herritar guztiei irekia. Lehenengoa udaletxean izango da eta bigarrena Zelai Arizti aretoan. Bigarren hau 19:00etan izango da eta udalak herritar guztiak parte hartzera animatu ditu. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Planaren diseinuan lan egingo duen Zumarraga Garatuz Aldi Baterako Enpresak Elkarteak (ABEE) parte hartuko dute.
HAPO udalaren hirigintza plangintzarako tresna bat da eta udalerriko lurzoruaren erabilerak antolatzea eta sailkatzea ahalbidetzen du. Lursail bakoitzari eman beharreko erabilera zehazten du: etxeak egiteko, zerbitzuetarako, industriarako, arnasgune bezala…
Egungo HAPO 2008koa da eta berritzeko garaia heldu da. «Elkarrekin hausnartu behar dugu nahi dugun etorkizuneko Zumarragari buruz, indarrak batu behar ditugu 2035. urterako Zumarraga modu adimentsu, iraunkor eta integratuan haztea lortzeko: aberastasuna eta lanpostuak sortuz, klima aldaketari eta mendekotasun energetikoari aurre eginez eta pobrezia eta gizarte bazterketa murriztuz», jakinarazi du gobernu taldeak (PSE-EE).
HAPOren berritzea gobernu planeko proiektu estrategikoetako bat da eta 325.000 euroko aurrekontua du. Prozesu hau Zumarraga Garatuz ABEEak gidatuko du. Dagoeneko Plana berritzeko lehen urratsak ematen ari da, baina herritarren parte hartzea ere ezinbestekotzat jotzen da. «Lehen urratsak egiten ari dira udalerriaren azterketarekin. Baina, gure ustez, azterketa hori Zumarragako herritarren ekarpenekin osatu eta aberastu behar da. Enpresen, elkarteen, eragile ekonomiko eta sozialen eta auzoetako bizilagunen parte hartzearekin».
Hala, zumarragarrak parte hartzera animatu dituzte. «Gure ustez, herritarren adostasun eta babes zabala behar da, herriaren etorkizuna artikulatu ahal izateko. Horregatik, bihar (gaur) hasiko den parte hartze prozesu hau oso garrantzitsua da».
Proposamen eta iritzi bakar bat kanpoan gera ez dadin, iradokizunak aurrez aurre zein Internet bidez aurkezteko modua egongo da. Bihar arratsaldeko saioan aurkeztuko dituzte proposamenak aurkezteko moduak. «Gardentasuna eta lankidetza gure gobernatzeko ereduaren bi ardatz dira. Hori dela eta, herritarren ezagutza baliatu nahi dugu. Izan ere, herritarrak dira gure herriaren ahuleziak eta aukerak zuzenean ezagutzen dituztenak».