Zumarragako Udalak Soraluze kalea oinezkoentzat egiteko obraren lizitazioa onartu du. Egitasmo hau Europako Next Generation funtsetara aurkeztu du, larunbatetako azoka, merkataritza, turismoa eta ekonomia bultzatzeko beste egitasmo handiago baten baitan, eta ia milioi bateko diru-laguntza jaso du. Aurrekontu osoa ia bi milioi eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzak ia 250.000 euroko diru-laguntza eman du. Hala, udalak laurdena bakarrik ordainduko du.
Udalbatza berezia egin zuten asteartean lizitazio hau lehenbailehen onartzeko. Izan ere, plazaren eta Soraluze kalearen zaharberritzeak aurten bertan amaitu behar ditu diru-laguntza jaso nahi badu. Mikel Serrano alkateak Next Generation funtsen azokak eta merkataritza sustatzeko sailetik Euskadira sei milioi euro iritsiko direla eta sei milioi horietako bat Zumarragak jasoko duela azpimarratu zuen. «Plazako eta Soraluze kaleko obrak urtea amaitu aurretik bukatu behar ditugu. Plazako aurrekontua 735.000 eurokoa da eta Soraluze kalekoa 417.000 eurokoa. Bestalde, Zelai Arizti aretotik plazara doazen eskaileren ondoan karga-jasogailu bat jarriko dugu azokako saltzaileentzat. Horren aurrekontua 127.000 eurokoa da. Soraluzeko obra martxoko osoko bilkuran esleitzea espero dugu».
Obra honek bizilagunen oniritzia duela gehitu zuen. «Parte hartze prozesu bat egin genuen eta gehiengoa alde azaldu zen. Plaza duela 30 urte berritu zen azkenekoz eta Soraluze kalea, berriz, askoz ere lehenago. Kaleak oinezkoentzat egitea oso onuragarria da. Legazpin eta Beasainen lortu dena ikustea besterik ez dago. Toki askotan egiten ari dira eta egoiliarrak eta banatzaileak autoekin sartu ahal izango direla gogoratu nahi dut».
Next Generation funtsetara aurkeztutako egitasmoaren barne, plazaren eta Soraluze kalearen zaharberritzearekin eta karga-jasogailuarekin batera, beste proiektu batzuk daude: jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren sustatzea, sentsibilizazioa eta formazioa, Singular Dendak programaren sustatzea, bertako ekoizleei erakusleiho digitala eskaintzea, azokako zutabeen apaintzea, baserritarren postuen modernizazioa, azokako hondakinen kudeaketa eredua hobetzea, Zelai Arizti aparkalekuan auto elektrikoak kargatzeko puntua jartzea, takila bereziak arrandegiek eta harategiek ere Click eta Jaso zerbitzua erabili ahal dezaten, azokaren klimatizazioa, ospitaleko langile eta erabiltzaileei ere herriko saltzaileen produktuak jasotzeko aukera ematea, seinaleen hobetzea…