Urretxuarrei eta zumarragarrei Otamotzak deitzen diete, bi herrietan ganaduak otea jan behar izaten zuelako. Goierriko beste toki batzuetan ere oteagatik ezagunak dira. Ataungo auzo batek Otamotx du izena.
Urretxuarrei eta zumarragarrei Otamotzak deitzen diete. Otamotza ganaduak goialdean jan eta gero gelditzen den otea da. Ataunen ere ez da otamotzik falta, nonbait. Izan ere, Otamotx (TX-ekin) izeneko auzo bat dute, landetxe eta guzti.
Urretxuar eta zumarragarren lehengusu ataundarren berri izateko, Otamotxeko Aldarreta landetxera deitu dugu. Bertako Mari Tere Lardizabalek kasu egin digu, oso jator. «Ez nekien urretxuarrei eta zumarragarrei Otamotzak deitzen zietenik! Ataungo Otamotx San Martinen dago. Otea dago bazter guztietan. Senarraren gurasoak eta inguruko zaharrak, belardiak egiteko otea mozten ibiltzen ziren. Dagoeneko etxe inguruetan ez da lehen bezainbeste ikusten».
Otamotx auzoan 10 bat baserri daude. Lardizabalen sendiarenak 600 bat urte ditu. 1994an obra egin zuten, landetxe bezala egokitzeko. «Etxean adinekoak eta umeak genituen zaintzeko eta baserrian gelditu beharra genuen. Hori dela eta, landetxea ireki genuen».
Lardizabal segurarra da, baina 48 urte daramatza dagoeneko Otamotxen. Auzoa ez du saltzeko, noski. «Bista politak ditugu eta toki lasaia da. Udan Mediterraneoko jendea etortzen da gure etxera: Bartzelonakoa, Valentziakoa… Urte barruan, berriz, inguruko jendea etortzen da. Bizkaitarrak, adibidez. Mendizale asko etortzen dira, Aralar eta Aizkorri gertu baititugu. Gainera, Donostia eta Gasteiz ere oso gertu daude».
Aldarreta San Martin auzotik 2,5 kilometrora dago. «Bidearena gure betiko borroka da. Basoak ateratzen dituztenean txikitu egiten dute eta udalak aurten bertan berriro konponduko duela agindu digu. Ea hala den».
Otamotx ibilaldia
Autoan ez ezik, oinez ere joan daiteke: ataunturismoa.eus webgunean proposatzen duten ibilaldietako bat Otamotx izenekoa da. 5,85 kilometrokoa da eta egiteko erraza. 90-120 minututan egiteko modukoa. Aldarretatik pasatzen da, gainera. Plan polita, Urretxu eta Zumarragako Otamotzentzat.
Autoa Auzoeta kiroldegiko aparkalekuan utzi behar da eta errepidearen beste aldean dagoen Astigarragako atsedenlekura jo. Bertan hasi eta amaitzen da ibilbidea.
Bidean, paisaiaz, gain, Astigarragako zubiaz goza daiteke. Zubi honek 100 urte bete zituen iaz. Erdiko euskarriaren gainean animali zangoak eta gizaki baten aurpegiaren irudia du. Bere eraikuntzan Migel Imaz Apalategi kontratista entzutetsuak parte hartu zuen. Gizon honen lan garrantzitsuenean artean, Donostiako Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia eta Gran Kursaal kasinoa daude.