Goierri pilota elkarteak eta Urretxuko Udalak elkarlanean egin dute plana. Ederrena pilotalekuan berrikuntzak egin eta dinamizatzaile bat jarriko dute.
Goierri pilota elkarteak 65 urte baino gehiago daramatza herrian pilota sustatzen. Azken urteotan beherakada egon da eta elkarteak garai batean baino pilotari gutxiago ditu. Udalarekin harremanetan jarri da eta kirol hau biziberritzeko plangintza prestatu dute.
Alde batetik Ederrena pilotalekuaren hobekuntza dago. Azken urteotan udalak hainbat hobekuntza egin ditu Urretxuko pilotalekuan: kantxa, bainuak, tabernako sukaldea, aldagelak, argiteria… Aurten markagailua aldatuko dute. Bestetik, dinamizazio plana martxan jarri behar dute ostiral honetan bertan. Otsailetik Aste Santura arte, pilotalekua ostiralero (17:00etatik 20:30era) eta larunbatero (16:30etik 20:30era) irekiko da pilotan jokatu nahi duten guztientzat. Bertaratzen direnek dinamizatzaile baten laguntza izango dute. Honek erabilera zuzena bermatuko du: garbitasuna, jolasen antolaketa, pilota banaketa…
Gainera, Aspe enpresarekin negoziatzen ari dira, bere pilotariek Urretxun entrenatu dezaten. Helburua punta-puntako pilotariak pilota eskolako haurrengana hurbiltzea da, motibatzeko. Aste Santuaren ondoren balorazioa egingo da. Udalak eta Goierri pilota elkarteak herriko haurrak pilotalekura hurbiltzera animatu dituzte.