Bidesarien aurkako plataformak eta garraiolarien Hiru sindikatuak deitu dute. Bihar egingo dute, 11:00etan, Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta.

Bihar, 11:00etan, A-636 errepideko bidesarien aurkako manifestazioa egingo dute Urretxuko eta Zumarragako kaleetan. Manifestazioa Hiru garraiolarien sindikatuak eta bidesarien aurkako plataformak deitu dute. Asteazkenean prentsaurrekoa egin zuten, herritarrei manifestazioan parte hartzea gonbidatzeko.
Hiruko ordezkariak aldundiak garraiolariak zigortzen dituela salatu zuten. 2018an N-1ean eta A-15ean bidesariak jarri zitzaizkiela eta ondoren epaitegiek baliogabetu egin zituztela gogoratu zuen. «Errepideak ondasun publikoak dira, denok erabiltzen ditugunak, eta zergekin jasotakoaren bidez konpondu beharko lirateke. Ez da zilegi, erabiltzaile batzuei konponketa kargatzea».
A-636an gidari guztiek ordainduko dute, baina garraiolariek gehiago. «Bikoitza ordainduko dute, autoekin alderatuta: 5 auto kamioiek eta 2,53 autoek. Eta ez dute ibilbide alternatibo bat erabiltzeko aukerarik izango, Deskarga mendateko errepide zaharretik zirkulatzea debekatuta baitute kamioiek. Betikoa, garraiolariak gizartearentzat ezinbestekoa direla diote agintariek, behar-beharrezkoa den lana egiten dutela, baina ez dituzte babesten. Beste karga bat gehitzen zaie, bidesaria, jakina denean bezeroei tarifak igotzeko zailtasun handiak dituztela».
Plataformaren iritzia
Plataformako kideek ere aldundiaren jarrera salatu zuten. «Bidesarien helburua Bidegiren zorra ordaintzea da eta bederatzi bankuk inposatu diote Bidegiri mailegua ematearen truke, zor hori Goierriko eta Debagoienako langileok eta ikasleok ordainduko dugu, Europak inposatu duela gezurra da, gure alkateek bidesaria babestu dute, errepide zaharrak igarotzen dituen herriak kaltetuko ditu, errepide txarrak genituen eta berriak egin dizkigutenean berriro diskriminatu egin gaituzte, bidesariek ez dute lurralde kohesionatzen zatitu baizik eta Abiatu sistema zerga bat gehiago besterik ez da. Langileei eta ikasleei inposatzen zaien urteko 420 euroko zerga».
Hiru sindikatua eta plataforma ez dira bidesarien aurka dauden bakarrak. Kontseilu Sozialista Goierri ere mobilizazioak antolatzen ari da. Otsailaren 19an, 18:00an, manifestazioa egingo du Beasainean. Bideluze plazatik abiatuko da. Lehenago, igande honetan, bizitzaren garestitzearen aurkako asanblada egingo dute Beasaingo udaletxeko aretoan.