Urretxuarrak zuzendu duen 'Zutik!' pelikula animaziozko film onenari dagokion saria jasotzeko hautagaietako bat da
Bihar iluntzean Goya sariak banatuko dituzte Valentziako Palau de les Arts-en eta ekitaldian urretxuar batek parte hartuko du: animaziozko pelikulen artean, hautagaietako bat Iker Alvarez urretxuarrak zuzendutako Zutik! (Salvar el arbol) pelikula da.
Alvarezek “pixka bat urduri” dagoela aitortu du. Bihar goizean abiatuko dira Valentziara. “Hegazkina 08:30ean hartuko dugu eta 10:00etan helduko gara Valentziara. Hotelera joango gara, zuzenean. 19:00ak aldera Palau de les Arts-era joango gara, alfonbra gorriko ekitaldira. Trajea erosi dut, noski. Beste baterako ere hor egongo da”.
Alvarezek eta bere kideek irabazteko itxaropena dute, noski. “Itxaropena dugu. Lau hautagai gara eta laurok antzerako egoeran gaude. Izan ere, aurten ez dago ekoizpen handirik. Ez dago pelikula oso garestirik”.
Oraindik ez dute erabaki nor igoko den saria jasotzera, beraien pelikula hautatzen badute. “Covid-a dela eta, pelikula bakoitzeko pertsona bat igoko da. Seguru aski ekoizlea igoko da, baina oraindik ez dugu erabaki. Nik, badaezpada ere, testu labur bat prestatuko dut”.
Ilusioa egiten dio Goya sarien galan parte hartzea, noski. “Nire bi pasioak musika eta zinea dira. Orain arte, kanpotik ikusi behar izan ditut halako ekitaldiak”.