Hiru sindikatuak eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak deitu duten manifestazioak Zumarragako eta Urretxuko kaleak zeharkatu ditu.

Beste behin ere, Beasain eta Bergara arteko errepideko peajearen aurkako aldarriak Zumarragako eta Urretxuko kalera atera dituzte Hiru Sindikatuak eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak antolatutako manifestazioarekin. Ehunka lagun elkartu dira.
Hiru sindikatuaren esanetan, Beasain eta Bergara arteko bidesariaren kasuan, “bereziki” garraiolariei eragingo diela nabarmendu dute. “Bikoitza ordainduko dute, turismoekin alderatuta, 5,15 euro kamioiek eta 2,53 euro autoek eta ez dute ibilbide alternatibo bat erabiltzeko aukerarik izango, Deskarga mendako errepide zaharretik zirkulatzea debekatuta baitute kamioiek”. Erakundeek garraiolariak ez dituztela “babesten” uste dute, “larri dabiltzan garraiolariei gastu berriak jartzen zaizkie, esaterako bidesariak”.
Garraiolarien ustez, “agintariek joera dute azken aldian, zakua zerga berriekin betetzeko, konkretuki bidesariei dagokionez, gero eta gehiago jartzen ari dira, eta gerora ere jarriko dira. Ikusi dugu nola 2018an kamioiei Gipuzkoan, N1ean eta A14ean, bidesaria jarri zitzaiela gero epaitegiek baliogabetu arren”. Garraiolarien ustez, “errepideak ondasun publikoak dira, denok erabiltzen ditugunak eta publikoki, zergekin jasotakoaren bidez, konpondu beharko liratekeenak. Ez da zilegi, erabiltzaile batzuei konponketa kargatzea”.
Honela, Hiruk aldundiari hainbat eskakizun egin dizkio. Batetik, kamioiei bidesaria kobratzeko sistemak bertan behera uzteko, eta bestetik, garraiolariei 2018tik bidegabeki kobratutakoa berehala eta automatikoki itzultzeko. “Jakina da arkuen sistema automatikoa dela, zuzenean kobratzen zaiela tasa garraiolariei kamioia errepide horietatik pasatzen diren aldi bakoitzeko, eta beraz, erraza da itzulpena, automatikoki egiteko zailtasunik ez dago; datu guztiak dituzte eta erabiltzaileak ondo identifikaturik, beraz ez dago itzultzeak atzeratzeko arrazoirik”.
420 euroko zerga
Plataformako kideek ere aldundiaren jarrera salatu dute. «Bidesarien helburua Bidegiren zorra ordaintzea da eta bederatzi bankuk inposatu diote Bidegiri mailegua ematearen truke, zor hori Goierriko eta Debagoienako langileok eta ikasleok ordainduko dugu, Europak inposatu duela gezurra da, gure alkateek bidesaria babestu dute, errepide zaharrak igarotzen dituen herriak kaltetuko ditu, errepide txarrak genituen eta berriak egin dizkigutenean berriro diskriminatu egin gaituzte, bidesariek ez dute lurralde kohesionatzen zatitu baizik eta Abiatu sistema zerga bat gehiago besterik ez da. Langileei eta ikasleei inposatzen zaien urteko 420 euroko zerga».