Europako Next Generation funtsaren laguntza jasoko dute plaza eraberritzeko lanek, baita Eusko Jaurlaritzarena ere.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua Zumarragan egon zen atzo, plazako obra bisitatzen. Hasteko, Hurtadok eta Mikel Serranok prentsaurrekoa egin zuten kultur etxean. Ondoren, obra bisitatzera joan ziren, Rosa Maiza zinegotziarekin. Bukatzeko, bilera egin zuten udaletxean.
Prentsaurrekoan, Serranok egitasmoak Europako Next Generation funtsen 925.000 euroko laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren 250.000 euroko laguntza lortu dituela gogoratu zuen. «Aurreko agintalditik datorren proiektu bat da eta parte hartze prozesu batekin garatu dugu».
Hurtadok Zumarragako Udalak egindako lana txalotu zuen. «Egitasmoaren helburua azoka bizitzaren erdigunean jartzea da. Euskadin sektore horretako bederatzi egitasmok jaso behar dute Next Generation funtsen laguntza eta horietako bat Zumarragakoa da. Oso egitasmo garrantzitsua da, turismoa eta merkataritza uztartzen baititu eta herria egiteko balio baitu».
Estrategikoa
Serranok proiektu estrategikoa dela gehitu zuen. «Egitasmo honek lehen sektorearekin eta merkatariekin harreman zuzena izatea ahalbidetu digu. Parte hartze prozesuak egin ditugu eta beraien proposamenak jaso ditugu. Gure nahia herritarrak larunbatero azokan elkartzea da».
Horretarako, hainbat ekintza egingo dira. Besteak beste, plaza berrituko da, Zelai Arizti aretoaren ondoko eskaileretan karga-jasogailu bat jarriko da, erakusleiho digitala egingo da eta wi-fi sarea jarriko da. Karga-jasogailua azokako saltzaileentzat jarriko da, baina gainontzeko egunetan gainontzeko herritar guztiek erabili ahal izango dute.